Gobernu Batzordeak eskerrak ematen dizkie astelehenean atez ateko hondakin bilketa sistemari buruzko Pleno monografikora hurbildutako herritarrei gure herriaren funtzionamendurako garrantzitsua den gai honen inguruan aurkeztutako interesagatik. Guztion artean bilketa sistema egokiena zehazteko urtarriletik aurrera izango diren saioetan parte-hartzeko deia luzatzen die.

Astelehen honetan, abenduak 10, Atez Ateko Hondakin Bilketa Selektiboari buruzko Pleno Monografikoa izan dugu Bergaran, nahiz eta ez den, Gobernu Batzorde honen iritziz, horrelako ekitaldi baterako momenturik egokiena izan. Edonola ere, oposizioko alderdi batek hala eskatuta, aurrera egin dugu eskari honekin eta, beste behin, daukagun informazio guztia partekatu dugu etorri ziren herritarrekin.

Hasteko, eskerrak eman nahi dizkiegu bertaratutako bergarar guztiei eta esan beharra daukagu asko pozten gaituela ikusteak herritarrak udal-jardunera hurbiltzen direla eta guztion interesekoak diren gaiak lantzeko orduan inplikatu egiten direla. Badakigu atez ateko hondakin bilketa selektiboaren ezarpena garrantzitsua dela gure herriaren funtzionamenduarentzako eta eragina izango duela gure herritarren eguneroko bizitzan, egokitzapen ahalegin bat eskatuko baitie. Horrexegatik, badakigu astelehenean Udalbatzan izan ziren herritar askorentzako bertan jasotako informazioa ez zela nahikoa izan. Eta, hain zuzen, horregatik ez zen gure ustez momentu egokia: datu asko falta baitira oraindik. Hain zuzen, herritarrokin batera, guztion artean adostuko dugun sistematik eratorriko diren datu zehatzak.

Oposizioak leporatu digu informazioa ezkutatu izana. Ez dugu akusazio hau ulertzen. Mankomunitateko juntetako akta jasotzen ditugu udalbatza osatzen dugun alderdi guztiok eta hondakinen bilketa selektiborako sistema honekin lotutako gaiak udaleko batzordeetan landu direnean alderdi guztiok hartu dugu parte. Era berean, lizitazioen inguruko pleguak publikoak dira. Ez dago Udal honen jardunaren baitan ezkuta litekeen ezer. Gainera, era horrelako praktikak Gobernu Batzorde honen etikaren aurka doaz eta guztiz gaitzesgarriak iruditzen zaizkigu.

Honela bada: ez dago zehaztuta zintzilikarioak non kokatuko diren, ez dago zehaztuta bilketa egiteko zein zirkuitu jarraituko den, ez dago zehaztuta bilketaren egutegia, ez dago zehaztuta jarraituko den ordutegia... Eta ondorioz, ezta sistemak zein kostu izango duen ere.

Hauek guztiak urtarrilean egingo diren parte-hartze bileretan adostuko dira. Horregatik, Gobernu Batzorde honek uste du ezinbestekoa dela bergarar guztien inplikazioa. Guztion artean erabakiko baitugu guztiontzako egokiena dena.

Beraz, aurrerantzean, aurrera pausoak ematera gonbidatzen ditugu bai herritarrak bai oposizioko alderdiak. Badakigu martxoa bukaeran atez ateko hondakin bilketa selektiboa abian jarriko dela gurean eta guztion esku dago elkarri errespetuz eta guztion onerako jardunda, sistemarik egokiena adostea.

Atez ateko hondakin bilketa selektiboaz

Gobernu Batzorde honen iritziz, badira hainbat gai, unibertsitatean bezala, tronkalak eta funtsezkoak direnak, eta beste batzuk, ordea, hautazkoak. Guk ingurumena ez kutsatzea derrigorrezkotzat jotzen dugu. Ez dugu uste kutsatu edo ez kutsatu plantea daitekeenik; lehenbiziko aukera, kutsatzearena, alegia, herritar guztien eskubideen aurka doala deritzogu, inguru garbi eta osasuntsuan bizi izateko eskubideaz ari gara, baita etorkizuneko belaunaldiek horretaz gozatzeko duten eskubideaz ere.

Ingurumenaren zaintzaren auziak, besteenganako errespetuarekin eta arriskuarekin lotutako beste hainbat gaik bezala (hala nola, abiadura mugak edo leku publikoetan erretzea), ez du orain arte oposizioak proposatutakoa moduko “aukeraketarik” egiten uzten. Ekin egin behar dugu, bai ala bai. Enpresei kutsatzea galarazten diegun bezala, herritarrok ere arduraz jokatzea sustatu behar dugu. Eta hori da, hain zuzen, atez ateko hondakin bilketa selektiboa gure herriarentzako hondakin bilketa sistema bezala ezartzeko erabakiaren muina: ingurumena gehien errespetatzen duen hondakin bilketa sistema da, sortutako hondakinen birziklapen maila altuena ahalbidetzen duena. Izan ere, izenak dioen bezala, hondakinak atalka biltzeko sistema bat da non etxebizitza bakoitzak sortzen dituen hondakinak bereizita biltzen diren. Horrela, arduraz jokatzen duena saritzeko eta nahasten denari ongi egiten irakasteko aukera ematen du eta, etorkizunean, sortutakoaren araberako tasak ordaintzeko aukera ere ahalbideratuko du.

Horregatik guztiagatik, Gobernu talde honek ez du ulertzen hondakinen bilketa sistemaren gaia politizatzeko oposizioak etengabe agertutako interesa. Estatuko zein Europako herrialde askotako adibideak har ditzakegu, non hainbat koloretako alderdi politikoek atez ateko hondakin bilketa selektiboa jarri duten abian, ingurumenarekiko errespetua ardatz hartuta, alderdikeriak alde batera utzita. Guk ere bide hori jarraitu beharko genukeela pentsatzen dugu.

Era berean, guztiz kontziente gara gai honen inguruan iritzi guztiz kontrajarriak daudela bergararren artean ere, eta gure herrian hondakin bilketa selektibo sistema honen aldeko asko dauden era berean, asko direla, baita, aurka daudenak. Eta guztion iritziak eta dudak jasotzeko prest gaude, noski, baina lasaitasunez, errespetuz eta, batez ere, ekarpen positiboak egiteko intentzioaz jardutea eskatu nahi genuke. Orain arte egindakoak eginda daude; aurrerantzean, egin dezagun guztiontzako egokiena eta zuzenena dena.