Bergarako erramu zapatuko feria, artisautza eta ganadu feria

Ekintzaren eguna:  2019ko apirilaren 13a, larunbata
 
 
Feriaren lekua eta ordutegia
  • San Martin plaza
  • Ariznoa plaza
  • Fraiskozuri
  • Simon Arrieta plaza
  • Munibe plaza
  • Bideberri
 
Ordutegia: 9:30etik 14:30era
 
Postuen kokapena eta ordutegiak
 
Lekua eta espazioaren banaketa: Udalak produktuen arabera egingo du postuen antolaketa, eta udalak jarritako postua ustiatzeko lizentzia lortzen dutenek 2 metroko postu bana izango dute. Dena den, eskaeran postu gehiago eskatu ditzakete eta, postu libreak baleude eta egoki irudituz gero, udalak postu handiagoak baimentzea erabaki ahal izango luke.
Udalak zehaztutako kokapena aldaezina izango da, eta udalarentzat erabat diskrezionala.
 
Gehieneko postu-kopurua: 
  • Fraiskozuri plazan, elikagaiak; postu-kopurua: 31
  • Simon Arrietan, elikagaiak; postu-kopurua: 17
  • San Martin plazan, artisautza; postu-kopurua: 35
  • Bideberrin, abelburuak eta nekazaritzako makinaria 
  • Munibe plazan, landareen erakusketa eta salmenta eta burdindegiak (gune honetan udalak berak ez du posturik jarriko, bakarrik baimenduei gunea erreserbatu). 
 
Aniztasuna bermatzeko, produktu-moten banaketa eta gutxi gorabeherako postu-kopurua hauxe izango da:
 
  • Ortuariak eta frutak: 12 postu
  • Kontserbak: 5 postu
  • Eztia: 3 postu
  • Gazta: 12 postu
  • Ogiak eta pastelak: 12 postu
  • Urdaitegiko produktuak: 4 postu
  • Landareak: 1 postu
  • Burdindegiak: 5 postu
 
Postuez gain, udalak baimendutako beste erabilera batzuk ere eman daitezke gune horietan.
 
Ordutegia: 
 
Saltokiek eta saltzeko produktuek 9:30erako jarrita egon beharko dute. 07:00ak baino lehen ezingo da saltokirik muntatzen hasi, eta 14:30etik aurrera jaso beharko dira.
9:30-14:30 bitartean ezingo da karga/deskargarako ibilgailurik sartu.
 
Eskabideak aurkezteko lekua eta modua
 
Eskaerak egiteko derrigor plegu honi erantsitako inprimakia erabili beharko da. Inprimakia egoki osatuta eta sinatuta egon beharko da.
Inprimaki hori erabilgarri egongo da udaleko web-orrian: http://www.bergara.eus/
 
Horrekin batera, honako dokumentu hauek ere aurkeztu beharko dira:
 
Kasu guztietan:
 
  • Eskaera egiten duen pertsonaren NANa 
  • Enpresaren IFK, eskaera eginiko produktuen salmentari dagokiona.
  • Gizarte Segurantzan eta Ogasunean egunean daudela ziurtatzen duen agiria.
Elikagaien postuetarako, gainera:
 
  • Osasuneko erregistro-zenbakia edo osasuneko baimena (giza kontsumorako elikagaien kasuan)
  • Elikagaiak manipulatzeko txartela, edo baliokidea den ikastaroaren ziurtagiria, ontziratu gabeko produktuen salmentaren kasuan. Bost urtetik goragoko dokumenturik ez da onartuko.
  • Nekazaritzarako ustiategiaren txartela, produkzio propioaren kasuan.

Artisauen  postuetarako, gainera:

  • Artisau-txartela, edo artisau-elkarte bateko kide izanaren ziurtagiria, artisautzako produktuen kasuan. Dokumentuak urte honetakoa izan beharko du, bestela ez da onartuko.
 
Gainera, hurrengo atalean jasotako puntuak eskuratu nahi badituzte, bertan zehazten diren dokumentuak.
 
Oharrak:
  • Dokumentu guztiak pertsona edo enpresa beraren izenean egon behar dute. 
  • Ez da tramitatuko dokumentazioa irakurtezina duen edo osatu gabe dagoen inolako eskaerarik.
Dokumentazio guztia ez aurkeztea arrazoi nahikoa izango da onartutakoen zerrendan ez sartzeko.
 
Eskaerak, goian aipatutako dokumentazioarekin, aurkezteko aukerak:
 
  • Helbide elektroniko honetara bidali beharko dira: ferixabergara@bergara.eus
  • Edo web-orrian zintzilikatuta egongo den formularioa erabilita: (http://www.bergara.eus/)
  • Edo bestela, udaletxeko BAZera (herritarren arreta zerbitzura) bertaratuta.
 
Eskaera egiteko epea: 2019ko otsailaren 11tik martxoaren 1era
 
Adjudikaziorako prozedura
 
Eskaerak aurkezteko epea amaitutakoan, udalak onartutako eta baztertutako eskatzaileen behin-behineko zerrenda prestatuko du eta 2019ko martxoaren 20an web-orrian argitaratuko du, erreklamazioetarako edota falta den dokumentazioa aurkezteko 10 eguneko epea emanez. Erreklamazioak edota falta den dokumentazioa posta elektronikoko helbide honetara bidali beharko dira: ferixabergara@bergara.eus
Erreklamazioak edo aurkeztutako dokumentazio osagarria aztertu ondoren, udalak onartutako eta baztertutako eskatzaileen behin betiko zerrenda prestatuko du eta web-orrian argitaratutako du, zozketaren egun eta orduarekin batera.
Janari-produktu, artisau-produktu (janariak ez direnak) eta landare apaingarrien erakusketa eta salmentarako postuak adjudikatzeko, hauek izango dira irizpideak:
  • Tokiko ekoizleak (Nekazaritza eta abeltzaintza produktuak ekoiztu eta merkaturatzen dituenak, kontsumitzailearekiko hurbiltasun geografikoa eta bitartekaritzarik gabeko harreman zuzena bermatuz).

Dagokion erregistroan izena emanda dagoela egiaztatu beharko du agiri bidez. Puntu 1.

  • Produktu artisauen saltzaileak (Produktu tradizionalak, ekoizpen-prozesuaren jatorria kontrolatuta, lurralde bati lotuak eta kultura-sustraiekin identifikatuta, eskuz landutako teknika ez-automatikoekin eginak, gehigarririk gabekoak, eta ekoitzitako bolumenak mugatuak). Dagokion erregistroan izena emanda dagoela egiaztatu beharko du agiri bidez. Puntu 1.
  • Kalitate bereizgarriak dituzten produktuak (Jatorri Izendapen Babestua, Adierazpen Geografiko Babestua, Tradizional Bermatua): Eusko Labela, Euskal Baserriko Haragia, Euskadiko Kantauriko  Hegaluzea Euskadiko Kantauriko Antxoa, ekoizpen ekologikoko elikagaiak
Agiri bidez egiaztatu beharko da. 2 puntu (0,5 puntu agiriko eta 2 puntu gehienez).
 
Baldintza guztiak betetzen dituzten modalitate bateko eskabideen artean puntuazioan berdinketa izanez gero, postuaren esleipena zozketa bidez egingo da lehentasuna emanez puntu gehien dutenei.
Puntuak dituztenei postua adjudikatu eta hala eta guztiz ere postuak libre geratuko balira, punturik ez dutenen artean egingo da zozketa.
Emaitza eta kokapena web-orrian argitaratuko dira.  
Postua eskuratzeko baldintzak bete baina postua eskuratu ez dutenekin, itxarote-zerrenda bat osatuko da.
Norbaitek uko egin nahi balioke, udalari posta elektronikoaren bidez jakinarazi beharko dio (ferixa@bergara.eus helbidera mezua bidalita) gutxienez feria-eguna baino 7 egun natural lehenago, eta udalak itxarote-zerrendan geratu denari adjudikatuko dio. 
 
 
Adjudikazio-hartzaileen betebeharrak:
 
Seinaleztapena eta dokumentazioa
 
  • Salmenta-postuetako arduradunek ondo ikusteko moduko leku batean jarri beharko dute emandako identifikazio-txartela.
  • Udal langileek edo arduradunek eskatutako dokumentazioa derrigorrean aurkeztu beharko da.
  • Salgai jarritako produktuen prezioak kartel batean jarriko dira, edonork ondo ikusteko moduko lekuan.
  • Parte-hartzaileek haien ekoizpenen jatorria argi adierazi eta bermatu beharko da.
  • Produktuekin zerikusia duten agiri guztiak Udal Ikuskatzailetzaren eskura egongo dira saltoki guztietan (osasun-erregistroa, etiketak eta produktuaren jatorria identifikatuko duten gainerako agiri guztiak). Agiri horiek ez badaude, identifikatu gabeko produktuak berehala kentzeko agindua eman ahal izango da eta/edo zigor bat jarri ahal izango da, osasun arloan 
  • Jendaurrean jartzen diren testuen hizkuntza:
o Udalaren hizkuntza-irizpideei jarraituz, jendaurrean jartzen diren kartelak (produktuen izenak eta bestelako informazioak) euskaraz egon beharko dira (edo, behar denean, euskaraz eta gaztelaniaz, euskarari lehentasuna emanda).
o Testuak euskaratzeko laguntza behar izanez gero, UEMAra jo daiteke (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea: 943 81 66 99 edo komunikazioa@uema.eus) edo baita Bergarako Udaleko Euskara Zerbitzura ere (euskara@bergara.eus), beti ere astebete aurretik.
o Eta feria-egunean testuen hizkuntzaren jarraipena egingo da.
 
Produktuen gaineko informazioa
 
  • Produktuaren kalitatearen erantzule izango dira une oro. Produktu horiek ezingo diete eragin inolako osasun edo segurtasun arriskurik kontsumitzen dituztenei, ez dute kalitatean ez kantitatean iruzurrik egingo, ez dira faltsifikatuta egongo, ezingo dira identifikatu gabe egon eta komertzializatzeko gutxieneko baldintzak bete beharko dituzte.
  • Tenperatura hotzean eduki beharreko produktuak saltzen dituztenek derrigorrean izan behar dituzte hozkailuak, produktu guztiak bertan gorde ahal izateko.
  • Ontziratu gabeko produktuak ekoizten dituzten ekoizle guztiek eduki beharko dute Elikadura Higiene arloko Prestakuntza jaso dutela egiaztatzen duen  Ziurtagiri Indibidual Eguneratua, frutak eta barazkiak izan ezik.
  • Ezingo da inongo produkturik komertzializatu gaixotasunak sendatzeko balio duela edo ezaugarri terapeutikoak dituela esanez. 
  • Janari-produktuak ondo ordenatuta jarriko dira ikusgai, sailkatuta eta banan, bakoitzak bere ezaugarri bereziei ondo eusteko eta usainak, zapore arraroak eta kutsadura ekiditeko.
  • Ezingo da janari-produkturik zoru gainean utzi (bestelako euskarririk gabe).  
  • Ekoizle bakoitzak bere ustiategian edo baldintza sanitario egokiak betetzen dituen establezimendu batean sortu, elaboratu edota ontziratutako produktua bakarrik saldu ahal izango du. Saltzaileak berak lehengaia ekoizten ez badu, bakarrik emango zaio baimena establezimenduaren titularra bada.
  • Ekoizle bakoitza produktu mota batengatik aukeratuko da ferian parte  hartzeko, eta produktu horixe baino ezingo du saldu. Izena emateko inprimakian zehaztutako produktuak baino ezingo dira salgai jarri.
  • Elikagaiak, eta batez ere urdaitegiko produktuak, ez dira jendearekin  kontaktuan jarriko, baita ontziratu gabeko produktuak ere, eta behar bezala babestuta eduki beharko dira, erakusleihoak edo antzekoak erabilita.
  • Ontziratutako produktuek behar bezala etiketatuta egon beharko dute, etiketa eta kontraetiketa jarrita (beharrezkoa den kasuetan).
  • Azokaren tarte osoan bete beharko dira adjudikazioa emateko ezarri diren baldintzak eta betebeharrak, baita eskudunak diren udal arduradunek emandako jarraibideak ere.
  • Operazioaren diru-kopurua 400 eurotik beherakoa bada, egindako salerosketaren frogagiri gisa derrigorrezkoa da bezeroei gutxienez faktura sinplifikatua ematea, eta hor agertu behar dira agiri-zenbakia, enpresaren izena, helbidea, xehetasuna, diru kopurua eta data. Kopurua 400 eurotik gorakoa bada, faktura arrunta eman beharko da.
 
Beste betebehar batzuek: 
  • Standean, ezarritako ordutegian, titularrak egon beharko du –edo, hala badagokio, hark izendatutako pertsonak–, eta Gizarte Segurantzan alta emanda izan beharko du.
  • Bakoitzari  adjudikatutako lekua baino ezingo da erabili.
  • Merkataritza-jarduera gauzatzen duten bitartean, arlo horretan indarrean dagoen araudiak ezartzen duena bete beharko dute, batez ere ondoko gaiei dagokienean: osasun publikoa, merkataritzako jarduera, azokaren diziplina, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen babesa, eta zerga-erregimena eta Gizarte Segurantza.
  • Pisatu eta neurtzekoak diren produktuak saltzen dituzten postuetan arauzko baskula eta metroa eduki beharko dira.
  • Baimendutako tarte osoan bete beharko dira adjudikazioa emateko ezarri diren baldintzak eta betebeharrak, baita eskudunak diren udal arduradunek emandako jarraibideak ere.
  • Azokak irauten duen artean derrigorrean bete beharko dira begirune, txukuntasun eta garbitasun baldintzak. Saltzen dagoenak garbi egon beharko du, baita aldean daraman arropak eta jarduerarako behar dituen tresnek ere.
  • Eskabidean azaldu eta egiaztatutako produktuak askotarikoak eta nahikoak egongo direla bermatzea, saltzearen ondorioz postua hutsik gera ez dadin.
  • Salmenta-postu guztietan, erreklamazio-orriak jarriko dira herritarren eskura.
  • Azokaren behar bezalako garapena aldatu edo eragotziko duen ekintzarik ez egitea.
  • Antolatzaileak oinarriak betearaziz emandako jarraibideak bete beharko dira.