Kokapena
Bergararen ekialdeko muturrean dago Elosu auzoa. Gorlarako bidea hartu behar da, eta Gorla pasatu ondoren eskuinaldera. Bidetik ere ikusten den auzune horretan daude etxerik gehienak, bidearen azpialdean, goialdea Azkoitikoa da eta. Gaur egun han-hemenka sakabanatutako 50 baserri ditu Elosuk.
Historia
Oso ezaguna izan da, hango kanposantuan egiten ziren erreketak zirela eta. Auzokoak ezezik kanpokoak ere eramaten zituzten, Aizpurutxoko baserrietakoak ere bai. Hilkutxa gainean zutela egin beharreko bidea hain luzea zenez, eliza ondoan dagoen harri handi batean hilkutxa utzi eta elizara sartu aurretik atsedentxo bat hartzen omen zuten. 1202an babeserako Gaztelua ere ba omen zen Elosun.
Geroago, Gipuzkoako beste guztiak bezalaxe, Alfonso VIll.ari eman zitzaion. Oraindik ere han daude Gazteluaren aztarnak. Elosuarrak loiolarrekin elkartu ziren 1794ean, Azkoitia aldetik frantsesen kontra egiteko. Plaentziko Armen Errege Lantegitik atera omen zituzten armak.
Industrializazio garaian jendeak aldegiten zuela ikusi, eta auzoa hustuko ote zen beldurtuta, auzokide guztiak elkartu, eta komunikabideak eta ingurua hobetzeari ekin zioten. Lan guzti hauek auzolanean egin ziren eta badirudi eragin ona izan zutela. Gaur egun ere ermitaren arkupeetan elkartzen dira zein lan egin behar den jakin eta eguna eta ordua zehazteko. Auzolanera familia bakoitzeko lagun bat joaten da normalean.
Eskola ere halaxe eraiki zuten orain dela 46 urte, biderik ez, eta mendian zehar harriak ekarri behar zituzten garaian. Bidea egin eta denbora gutxira itxi zuten eskola. Ondoren istilu ugari izan zituzten Udaletxearekin, eskolaren jabetza kendu nahi baitzien, baina azkenean, orain dela 14 urte, lortu zuten eskola bere eskutan mantentzea, eta Elkartea sortu zuten. Familia guztiak daukate giltza, eta urtero aldatzen dute Batzordea. Zaharrenek diotenez, kantina eta Letanietako Gurutzearen ondoan, San Adrianen omenez eraikitako ermita ere ba omen zen, baina desagertuta dago.
Monumentuak
Argi dago Euskal Herriko arkitektura lan bikainak (baserri, ermita, dorretxe...) inguru zoragarrietan sakabanatuta daudela.
Elosuko San Andres eliza
Abadetxearen ondoan dago. XVI. mendean parrokia izendatu zuten, bertako biztanleek arazoak izaten baitzituzten Bergarako kaleko elizkizunetara joateko.
1468ko agirietan agertzen den bezala, barroko tankerako eliza, Churrigueresco estilokoa. Elosuko gaztelutik hartutako harriekin egin zutela ere aipatzen du. Nabe bakarreko gela handia eta beste bi bitarte, abside zuzenak. Kainoi tankerako planta eta beste bietan erzdun ganga. Biak ere egurrezkoak eta oinarrian erlatxetan oinarritutako erdi-puntuko arkua. Erretaulan barroko tankerako San Andresen irudia. Barroko tankerako kanpandorrea elizaren barrenean. Eliza honetan ezkutatu zen Santa Kruz apaiza.
Abadetxea
Laukizuzen erakoa, hiru isuritako teilatua. Harrizko hormak, eta argitokien inguruak harlanduzkoak. Sarrerako atea dobel-harriz egindakoa da, arku zorrotz bat dauka, eta eliza inguruak duen arkupearen babesean dago.
Baserriak
Balio arkitektonikoagatik aipagarrienak honako hauek dira:
- Iriaun edo Ixaun baserria. Armarridun dorrea, laukizuzen erakoa, bi isuritako teilatua, eta armarria etxaurrean.
- Gomezkorta edo Gomozkorta baserria. Laukizuzen erakoa eta lau isuritako teilatua. Atarirako sarreran erdi-puntuko arkua.
Ibilbide interesgarriak
Bergarako kaletik edo Elosutik irtenda ere, paseo ederrak eman daitezke auzo honetan:
- Gorla eta Altsasutik.
- Santutxu, Santi Kurutz ermita eta Elusumendi aldean.
- Irukurutzetarainoko Trikuharrien ibilbidea, Pol-Poletik igarota.
Pilotalekua
Pasiuan egin ondoren, aukera ederra da bertako pilotaleku estalian partida bat jokatzea.