Unzeta etxea (Bidekurutzeta kalea) XVII. mendeko eraikina da eta XVIII. mendean eraikitako behatoki oso ikusgarria dauka. Eraikina jabego pribatua da, eta jabeek berritu dute erabat hondatuta zegoen behatokia.

Unzeta etxeak lorategi erraldoi bat zeukan alboan, baina bertan errepidea egiteko lorategia zatitu egin zen. Orduan lurjabetzearen ondorioz 2 miloi pezeta inguru (gaur egungo 12.000 euro) jaso ziren. Diru hori Udalak gorde du eta berritze obra egiteko jabeari eman zaio. Berritzearen gainontzeko gastu guztia jabeak ordaindu du.

Ordura arteko behatokia berritzea ezinezkoa zen materiala kaltetuta zegoelako. Hortaz, erabaki zen ahalik eta material antzekoak erabilita behatokiaren erreplika fidela egitea. Goitu enpresak gidatu du obra eta ezinbestekoa izan da Biona araztegiak eta inguruko beste enpresa batzuk egindako artisau lana. Horretarako behatoki zaharra atera, desmuntatu eta berria eraiki dute pausoz pauso.

Bai Goitu-ko zein Biona araztegiko arduradunek nabarmendu dute erronka handia izan dela lan hau egitea. "Oso enkargu berezia izan da, ilusionagarria. Artisau eran egin dugu lana erabat, behatoki zaharraren konposizio, forma, material eta ├▒abardurak berdin jasota. Eta oso gustura gaude emaitzarekin; ea herritarrek zer dioten".

Behatokiaren lanak ia bukatuta dituzte; laster egongo da ikusgai. Eta datozen egunetan harrizko eskaileran konponketak egingo dituzte.

Hortaz, hau oso albiste ona da herritarrentzat, Bergarako ondarea den eraikin hau ere luzarorako izango dugulako.