Bergarako Udala-k Az, 2025-02-05 11:18-n bidalia
Urrian hasi ziren udal pilotalekuko berritze lanak bukatu ditu Bergarako Udalak. Estalkia guztiz berritu da, isolamendu termikoa eta akustikoa hobetuz. Gainera, pilotalekua margotu egin da.
Pilotalekuaren berritzeak 356.954 euroko kostua izan du, eta Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren 135.380 euroko diru-laguntza jaso du. Lanak Goitu Eraikuntzak SL enpresak burutu ditu.
Obra hauek pilotalekuaren iragazgaizte eta isolamendu arazoak konpontzeko helburua izan dute. Egiturak indartu eta estalki plakak berritu dira. Markel Azkargorta zinegotziak adierazi duenez, "obra honen helburua da, bai pilota zein bertan burutzen diren beste ekintza batzuk baldintza duinagoetan egin ahal izatea. Era berean, bizilagunei sortu ahal izan zaizkien eragozpenak arindu nahi izan dira".
Obra garaian izan diren afekzioak ere kudeatu dira. Langileek udal pilotalekuko aldagelak erabili dituzte eta trafiko mozketa puntualak egin behar izan dira Ibargarai kalean. Hala ere, taberna guneak bere jarduna normaltasunez mantendu du.
Ostiral arratsaldean BKE Pilota Sailak partidak antolatuko ditu, eta larunbat goizean Eskola Kiroleko pilota partidak jokatuko dira. Horrela, pilotalekua bere ohiko funtzionamendura itzuliko da.
Pilotalekuaren historia
Bergarako udal pilotalekua 1.885eko ekainaren 21ean inauguratu zen, eta 1915ean estali zen. Ordutik hainbat berritze lan egin dira bertan. 900 ikusle inguruko edukiera duen pilotaleku honetan, esku pilota partidak ez ezik, kultur ekitaldi handiak ere ospatu izan dira, hala nola Udal Bandaren kontzertuak eta Musika Eskolako emanaldiak.