‘Bergara 2030 Bizi Energia’ Klima eta Energiari buruzko Tokiko Plana
Zer da klima-aldaketa?
Nazio Batuen Elkarteko Klima Aldaketaren Gobernu Arteko Taldeak (IPCC) adierazi duenez, klima-aldaketa da munduko herrialde guztiek aurre egin behar dioten ingurumen-erronkarik premiazkoenetako bat. XX. mendearen erdialdetik, atmosferaren berotze globala gizakiaren jarduerak eragin du.
Azken 150 urteetan, munduko tenperatura 0,8 ºC igo da gutxi gorabehera, eta joera horrek hala jarraitzea espero da. Klima-aldaketaren arazoa zuzeneko ondorioak eragiten ari da nekazaritzan, basogintzan, energia-ekoizpenean, turismoan eta, oro har, gizakion azpiegituretan.
Zer nolako eraginak sortzen ditu klima-aldaketak?
Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, Euskadi mailan gradu bat igo da tenperatura erregistroek urteko tenperaturaren batez bestekoak jasotzen dituztenetik. Mundu mailako erabakitze-organoetan nahiz Eusko Autonomia Erkidego mailan helburua da aurrerantzean tenperatura ez igotzea 1,5 gradu baino gehiago.
Itsas-mailaren igoerari dagokionez, Euskadiko kostaldean itsasoaren maila 20 zentimetro hazi da eta IPCC (Klima-aldaketari buruzko Gobernuarteko Taldea) osatzen duten adituen azken txostenean jasotakoaren arabera, itsas-mailaren igoera 3,3 eta 3,5 milimetro ingurukoa izango da urtero. Era berean, IPCCk ohartarazi du 2ºC baino gehiago tenperatura gehitzeak mundu-mailan ondorio negatiboak sortuko dituela; lehorteak, aire kutsadura, elikagai- eta ur-falta, biodibertsitatearen galera, ekonomia gelditzea eta lekualdatutako pertsonak (“klimaren errefuxiatuak”) eta gatazka larriak gehitzea (uraren eskasiari lotuta, adibidez), besteak beste.
Klima-aldaketak eragindako inpaktuei dagokionez, hurrengo urteetan, besteak beste, jarraian zerrendatzen diren inpaktuak jasango ditugula aurreikusten dute adituek:
- Bero-boladen hazkundea eta inpaktu horri lotutako osasun-arazoak
- Estres hidrikoa handitzea (hau da, ur-eskaria denbora-tarte jakin batean erabilgarri dagoen kantitatea baino handiagoa denean edo kalitate txikiko ura izateak erabilera murrizten duenean) eta inpaktu horrekin zerikusia duten lehorteak ugaritzea (lehen sektoreari lotutako galera ekonomikoak, sute-arriskuaren handitzea, eta abar).
- Lurzoruaren aldaketak (lurren emankortasuna gutxitzea, lur jausiak handitzea eta horren eraginak azpiegituretan, …).
- Uholdeak izateko aukerak handitzea (inpaktuak hirietako etxebizitzetan eta bestelako azpiegituretan, ...)
Mundu mailan eta gerora lurralde ezberdinetan adostutako helburua da 2050 urterako neutralitate klimatikoa lortzea; hau da, urte horretarako berotegi efektuko gasen (gas hauek dira klima-aldaketaren eragile nagusiak) emisioak Planetaren xurgapen naturalaren bidez ezabatzen direnen berdinak (edo txikiagoak) izatea. Hau da, klimaren aldeko ekintzaren bidez gure emisioak murriztea esan nahi du.
Hori dela eta, eragile ezberdinak klima babestearen aldeko ekimen eta neurri ezberdinak ezartzen ari dira. Horien artean aipa daitezke gobernuz kanpoko erakundeak eta ingurumena babesteko elkarteak (kontzientziazio-kanpainen antolaketa, klima-aldaketa arintzeko edo klima-aldaketara egokitzeko proiektuak garatzea -zuhaitz landaketak, urmaelen sorrera, …-, gobernuei zuzendutako proposamenen lanketa, ikerketa-lanak, eta abar.), enpresen sektorea (eraikinen diseinutik bertatik klima-aldaketara egokitzeko neurriak ezartzea, enpresaren karbono-aztarna kalkulatzea eta hori gutxitzeko helburuak nahiz neurriak barneratzen dituen planak martxan jartzea, etab.) eta Administrazio Publikoa. Sektore publikoari dagokionez, aipatzekoak dira estatuen arteko mundu mailako hitzarmenak, estatu mailan edo beste Administrazio Publikoko maila ezberdinetan (erkidegoak, eskualdeak, probintziak, herriak eta hiriak) onartutako estrategiak eta ekintza-planak, legedia (adibidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko 4/2019 Legea edo onartzeke dagoen Energia Trantsizioko eta Klima Aldaketako Legea) eta bestelako instrumentuak (enpresei zuzendutako diru-laguntzak, udal mailako energia eta klimari buruzko tokiko planak diseinatzeko gida, fiskalitate berdea -pizgarri fiskalak, eta abar-).
Klima-aldaketa arintzea eta klima-aldaketara egokitzea
Klima-aldaketa arintzea: berotze globala eragiten duten gasen (Berotegi Efektuko Gasak) kantitatea gutxitzera bideratutako ekintzek osatzen dute eta batez ere ondorengo arloekin zerikusia duten: energiaren aurrezpena eta energiaren kudeaketa, hondakinen sorreraren prebentzioa eta sortutako hondakinen kudeaketa egokia, mugikortasun jasangarria, Berotegi Efektuko Gasak xurgatzen dituzten karbono-hustubideen sorrera (zuhaitz espezie egokien landaketa, etab.).
Klima-aldaketara egokitzea: inpaktua jasan dezaketen elementuak (biztanleria, bizitegi- eta industria-lurzorua, natura ingurunea, jarduera ekonomikoak…) neurri ezberdinen bidez egokitzea, klima-aldaketak eragindako inpaktu negatiboen ondorioak murrizteko.
Zer egingo du Bergarako Udalak?
Tokiko herri-administrazioa, herritarrengandik gertuen dagoen erakunde publikoak izanik, funtsezko eragileak dira klima-aldaketaren aurrean. Izan ere, euren jardunaren bidez klima-aldaketa eragiten duten BEGen isurpenak murrizteko jarduerak abiarazi ditzakete eta bere ondorioetara egokitzeko neurriak ezartzeko ahalmena dute hiri-plangintzaren eta natur ingurunearen kudeaketa aktibo baten bidez. Aldi berean, udalak eragile sozioekonomikoak (enpresak, hezkuntza-zentroak, elkarteak, eta abar) klimaren aldeko ekintzak aurrera eramatea mugiarazi ditzake (sentsibilizatuz, proiektu zehatzak elkarlanean burutuz…).
Hori horrela, 2022ko martxoan “Bergara 2030 bizi energia” lemapean, Bergarako Udalak Klima eta Energiari buruzko Tokiko Plana diseinatzeko prozesua abiarazi zuen. Izan ere, batetik, “Bergara izan, bizi, ekin” agintaldirako planaren ekintzen artean jasotzen da Energia Plana idaztea eta bestetik, "Bergara 2030 egin herrixa” Plan Estrategiko Jasangarrian ere klima-aldaketa arintzeko energia-trantsizioa ahalbidetu eta klima-aldaketara egokitzeko baliabideak definitzea helburu duten ekintza sorta bat barneratzen da. Hori horrela Klima eta Energiari buruzko Tokiko Planari esker 2030. urterako Berotegi Efektuko Gasen isurketak %40 murriztea lortu nahi du Udalak eta era berean, klima-aldaketak eragindako inpaktuetara egokitzeko baliabideak martxan jartzea.
Erronka honen aurrean, Udalak bidelagun nahi ditu Bergarako gizarte arloko eta ekonomia arloko sektore ezberdinak eta horretarako baliabide ezberdinak jarriko ditu martxan 2022 urtean zehar:
- Herritar orori zuzendutako online inkesta
- Sektore ezberdinetako eragileekin eztabaida-saioak antolatzea
- Klimaren aldeko herritarren Mahaia sortuko da, osoko bilkuraz gain, arintze-talde batek eta egokitze-talde batek osatuko dutena
- Haurrei eta gazteei zuzendutako sentsibilizaziorako egitasmoak martxan jartzea
- Herritar orori klima-aldaketaren arazoa eta konponbide posibleak gerturatzeko erakusketa antolatzea
Aurrekoaz gain, Udalak gaur egungo egoera eta etorkizuneko klimaren proiekzioan barneratzen dituen diagnostikoa idatziko du (diagnostikoak datu objektiboak barneratzeaz gain, lehen aipatutako online inkestaren bidez eta sektore ezberdinetako eragileekin antolatuko ditugun eztabaida-saioei esker lortutako herritarren pertzepzioa barneratuko du). Behin diagnostikoaren ondorioak aztertuta, 2030 urtera begirako Klima eta Energiari buruzko Tokiko Plana idatziko du, klima-aldaketa arintzeko eta bere ondorioetara egokitzeko helburuak eta ekintzak jasoko dituena.
Zer egin dezakete herritarrek, enpresek eta bestelako eragileek?
Eusko Jaurlaritzak, Ihobe Sozietate Publikoaren bidez, tresna ezberdinak garatu ditu eragile-motaren arabera sailkatuta:
- Herritarren arintze-tresnak:
Jakin ezazu berotegi-efektuko zenbat gas emititzen duzun: CO2-aren kalkulagailu baliokidea
Zer egin dezakegu herritarrok? https://www.ihobe.eus/52-keinu-aldaketa-klimatikoaren-aurka
- Erakundeen arintze-tresnak:
Karbono-aztarna kalkulatzeko baliabideak: https://www.ihobe.eus/publicaciones/huella-carbono-en-organizaciones-herramienta-calculo-ano-calculo-2020
- Erakundeen egokitze-tresnak:
Erakundeentzako Klima-aldaketara egokitzeko planak egiteko gidaliburua
Informazio gehiago hemen:
- Greenpeace: "Horrela eragiten digu klima-aldaketak"
- Nazio Batuen Elkartea: Guía para principiantes sobre neutralidad climática
- Ihobe: Oinarrizko kontzeptuak eta baliabideak
- Gipuzkoako Foru Aldundia: Klima-aldaketari buruzko atala