Bergarako Udala-k Az, 2023-09-06 12:44-n bidalia
Bergarako herrigunea eta Elosu auzoa lotzen dituen GI-3750 errepidea konpontzeko lanak datorren astean hasiko direla iragarri dute asteazken goiz honetan Gipuzkoako Aldundiko Bide Azpiegituretako diputatu Maria Ubarretxenak; Bergarako alkate Gorka Artolak eta Elosuko auzoalkate Iñigo Zubeldiak. Guztira 6.285 metroko errepide tarteko firmea birgaituko da, eta lanek 845.000 euroko aurrekontua eta 5 hilabeteko exekuzio epea izango dute. 2020-2021ean konpondu zen Elosu eta Azkoitiko tarte berrituari batuko zaio hobekuntza hau.
Elosun eginiko agerraldian, Bergarako alkateak proiektu honen garrantzia nabarmendu du: “Bergarako Udalarentzat garrantzitsua da herrigunearen eta auzoguneen arteko azpiegiturak hobetzen jarraitzea. Zentzu horretan, duela urte batzuetatik hona egin izan dugun eskaera bat da, eta pozten gaitu proiektua aurrera dihoala ikusteak. Bestalde, eguneroko erabiltzaileek lehentasuna duten arren, errepide horretan ere txirrindularitza eta motor froga ezberdinak egiten dira urtean zehar, eta horien beharrak ere kontutan izatea eskatu nahiko genuke”.
Ubarretxenak aurreratu duenez, errepidea datorren urtearen hasieran prest izatea da zuzentzen duen departamenduaren aurreikuspena, eta “segurtasunean eta erosotasunean hobekuntza nabarmenak” igarriko dituzte bide hau erabili ohi duten elosuar eta bergararrek.
Lanei dagokienez, nagusiki firmearen gaineko hobekutzak dira gauzatuko direnak. Zoruaren birgaitze orokor horrez gain, bidea hainbat puntutan egoera okerrean aurkitzen da eta, kasu horietan, errodadura geruza konponduko da gainazala fresatuz eta errodadura geruza berrituz, 4.000 m2-ko azaleran. Asentamenduek eragindako hainbat deformaziotan aldez-aurreko profilatze-lanak ere egingo dira beste 3.600 m2-tan. Halaber, birgaituko den errepide tartearen gainazal guztian mikroaglomeratuko bi geruza aplikatuko dira. Hau guztia, drainatzea hobetzeko berregingo diren zenbait arekak, zortzi kutxatilaren berritzeak eta euste elementu berrien eraikuntzak osatuko dute, bide tarte osoaren segurtasun eta erosotasun maila handituz.