Bergarako Udala-k Or, 2023-11-17 08:40-n bidalia
Datorren asteartean, azaroaren 21ean, Bergarako Nagusien Kontseiluaren lehen bilera ospatuko da udaletxeko pleno aretoan 18:00etatik aurrera. Izan ere, adineko pertsonen ordezkaritza bat (Duintasuna, Nagusilan eta San Joxepe Elkartea) eta Bergarako Udala Bergarako adineko pertsonen kontseilua sortzeko lanean aritu dira azken hilabeteetan herrian nagusientzako topagune bat sortzeko.
Lan honen emaitza, Bergarako Adineko Pertsonen Kontseiluaren funtzionamendua arautzeko erregelamendua eratu eta onartzea izan da, eta orain Kontseiluaren lehen bilera ospatuko da.
“Baliabide berriak eskaini nahi dizkiegu bergararrei, Udalaren eta herritaren arteko komunikazio kanalak indartzeko. Gazte eta umeekin egiten dugun bezala, garrantzitsua iruditzen zaigu horrelako foroak beste belaunaldi batzuetara ere zabaltzea, horrela eraikiko baitugu guztion artean Bergara hobe bat”, adierazi du Gorka Artola alkateak.
Kontseilu hau partaidetzan oinarritutako organoa izango da eta asmoa da Udalak eta adineko pertsonen alde lan egin nahi duten herritar, talde nahiz elkarteek osatzea. Organo aholkularia, kontsultakoa, informatzailea, ekintzen sustatzailea eta behatzailea izango da.
• Adineko pertsonen kontseiluaren helburuak izango dira:
• Adineko pertsonen alde lan egin nahi duten pertsonen eta eragile sozialen sarea sortzea.
• Adineko pertsonen partaidetza, ahalduntzea eta protagonismoa bultzatzea.
• Adineko pertsonekin lotutako gaien inguruan hausnarketa egitea, elkarlanerako adostasun puntuak biltzea eta adineko pertsonen ongizatea bultzatzeko ideia berriak sustatzea.
• Bergarako adineko pertsonen egoerak identifikatzea eta horiei erantzuteko eta gainditzeko baldintzak sustatzea.
• Adineko pertsonen eskubideak eta interesak defendatzea.
• Adineko pertsonen arloarekin zerikusia duten herriko edozein gertaera jasotzea, aztertzea eta behar den erantzuna bideratzea.