Bergarako Udala-k Og, 2024-06-06 09:17-n bidalia
Uda giroa gerturatzen den heinean, Bergarako Udalak uda sasoian aisialdiaz gozatzeko aukera eskaini nahi die bergararrei. Hori dela eta, ostiral honetan irekiko ditu Agorrosingo kanpoko igerilekua eta iaz Labegaraietan inauguratu zen ur parkea.
Kanpoko igerilekuaren ordutegia 10.00etatik 20.00etara izango da (berdegunea 10.00-20.30h). Beraz, Agorrosin Ekintza Guneko ordutegia ere pixka bat moldatu egingo da: astegunetan 6.30-21.25ak bitartean irekiko da ohi bezala; udako asteburu, jai egun eta abuztu osoko ordutegia 9.00etatik 21.00etara izango da. Udako igerilekuak irailaren 13ean itxiko dira.
Labegaraietako ur txorrotek ere antzeko ordutegia izango dute, eta irailak 13ra arte zabalik izateko aurreikuspena dute udal ordezkariek, baina, garai horretan eguraldi ona egonez gero, epea luzatzeko aukera aztertuko dute.
Bukatzeko eta udako ikastaroei dagokienez, talde berriak ireki dira haur, gazte eta helduen eskaintzan. Ikastaroak ekainaren 24ean hasiko dira, eta kontsultak zein izen emateak Agorrosingo kiroldegian egin beharko dira.
Olatz Manuel Ezenarro zinegotziaren hitzetan, “uda sasoian ere Bergaran aisialdirako eskaintzak eskaini nahi ditugu, eta proposamen hauek horren adibide dira. Pixkanaka pixkanaka, Bergara hobe bat eraikiko dugu denon artean”.