Bergarako Udala-k Og, 2024-06-06 12:46-n bidalia
Bergarako Udalak klima-aldaketa arintzeko eta BEG isuriak murrizteko balio izango duen ‘Bergara 2030 Bizi energia’ klima eta energiari buruzko Tokiko Plana aurkeztuko du datorren asteartean, ekainaren 11n, Olaso Dorrean 18:00etatik aurrera. Ekitaldia herritar eta eragile ezberdinei irekia izango da, eta bertan datozen urteetarako erronka zein lan ildoak aurkeztuko ditu.
Hasiera batean, Bergarako egoera zer nolakoa den jakiteko eta horren arabera neurri eraginkorrak ezartzeko azterketa bat egin zen eta Klima eta Energia-kontsumoaren hainbat datu, adierazle eta parametro aintzat harturik Diagnosi dokumentua osatu zen.
Diagnosia idazteko fase horretan, Bergaran bizi eta jarduten duten eragile ezberdinen ikuspuntua jaso zen ere, klima-aldaketaren erronkari aurre egiteko ezinbestekoa baita Udala eta herriko eragile sozioekonomikoak elkarlanean aritzea.
Markel Azkargorta zinegotziaren ustez, “hurrengo urteetan, Berotegi Efektuko Gas Isuriak murriztu beharko ditugu eta energiaren kontsumo arduratsua egin beharko dugu. Horrez gain, lurraldean erresilentzia handitu eta arriskuen kudeaketa, bero boladak edo euri jasak, adibidez, planifikatu eta gobernantza klimatikoa garatu beharko ditugu. Horretarako, onartu berri dugun Plan honen baitan Udalak etxeko lanak hartu ditu eta datozen urteetarako erronka handiak izango ditugu”.
Planaren Helburuak honako hauek dira:
- Klima aldaketaren arintzearen eta egokitzearen ikuspegitik udalerriaren abiapuntua ezagutzea.
- Klima aldaketa arintzeko eta honi egokitzeko neurriak planifikatzeko erreminta estrategiko bat garatzea.
- Klimaren gobernantzaren oinarriak finkatzea.
- Erronka klimatikoa gizarteratzea.
Eta helmugak hurrengoak dira:
- 2030. urterako udalerrian berotegi-efektuko gasen (BEG) isurketak %40 gutxitzea
- Klima-aldaketaren murrizketa eta egokitzapena bultzatzeko ikuspegi partekatu bat hartzeko ekintzak definitzea.
- Gobernantza klimatikoan aurrerapausoak ematea.
Honela ekintza planak bi arlo nagusi lantzen ditu. Batetik klima aldaketa arintzea, zeinak BEG gasen murrizketarekin zuzenki lotuta dagoen eta energia kontsumoen aldaketa bat eskatzen duen eta bestetik Klima aldaketara egokitzea, lurraldearen erresilientzia (natur inguruneak, azpiegiturak, osasuna e.a) eta arriskuen kudeaketa (bero boladak, euri jasak, lehorteak e.a.) baitan jasotzen duena.
Guztira 115 ekintza jaso dira ekintza planean eta hauen jarraipena eta egite maila neurtzeko ebaluazio sistema bat ere ezarriko da.