Oinarriak gaur, urriak 23, argitaratu dira Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta eskaerak aurkezteko epea gaur hasi eta azaraoren 13ra artean egongo da zabalik.

Bekaren helburua sortzaile berriei beren obra sortzeko laguntza ekonomikoa ematea da, eta, horrekin batera, lekua eskaintzea: Arrizuriaga Kulturgunea. Kultur sorkuntzatzat hartzen da artistaren irudimenetik sortutako edozein lan: musika, pintura eta eskultura lanak, literatura, antzerkia, zinema, komikiak, soinu-konposizioak, ikus-entzunezkoak, konposizio digitalak edo dantza-koreografiak, besteak beste.

Kultur eremuren batean diharduten edo hasi nahi duten pertsona fisikoek eska dezakete beka. Taldeka ere aurkez daiteke, betiere izaera juridikorik gabeko norbanakoen taldeak edo talde kulturalak badira. Eskatzaileek, edo taldekideek, 16 urte beteak izan behar dituzte eskaera egiten duten egunean. Deialdi honetatik kanpo geratzen dira lehendik taularatutako, argitaratutako edo jendaurrean aurkeztutako proiektuak.

Bekak gehienez 5.000 euro ditu. Printzipioz, onuradun bakarra izango da, baina Balioespen Batzordeak erabaki dezake proiektu gehiago finantzatzea, puntuazio-hurrenkerari jarraituz.
Proiektuak balioesteko, besteak beste, hauek hartuko dira kontuan: proiektuaren interesa eta kalitatea, publiko berriak sortzeko edo inplikatzeko gaitasuna, Bergararentzat duen garrantzia, diziplina anitzen erabilera, beste eragile batzuekiko sinergiak eta genero-ikuspegia. Beka jasotzeko, gutxienez 35 puntu lortu behar dira. Onuradunak zortzi hilabete izango ditu proiektua amaitzeko, eta lana jendaurrean aurkeztu beharko du, euskaraz.

Eskaerak Udaleko Erregistro Nagusian (B@Z arreta zerbitzuan) edo Udalaren egoitza elektronikoan aurkez daitezke. Eskabide-eredua eta gainerako agirien txantiloiak egoitza elektronikoan eskuragarri daude.

Arloa: