Kokapena

Bergaratik Bilborako bidearen alde bietan bananduta dago, eta biztanlerik gehienak baserrietan sakabanatuta. Uberako kale-gunearen ondoko muino batean dago San Paulo eliza.

Historia

1927ra arte Elgetaren menpe egon zen, baina orduan Bergararekin batu zen, Angiozar auzoarekin batera. 1625eko Lope de Isastiren idazki batean Elgetako auzotzat aipatzen du. Dirudienez, Urbera du berezko izena, auzunearen ondoan batzen baitira gero San Juan ibaiarekin elkartuko diren lau errekatxo. Hauetako hiru ubide herriaren hornidurarako hartuta daude.

Auzolanean aritu izan dira bertako bizilagunak auzoa txukundu nahian. Hala estali zuten pilotalekua eta baita ingurua konpondu ere. Garai bat omen zegoen "Etxebarriurruti" baserriaren aurrean. Gaur egun, Egurbidetxiki baserrian jasota dituzten harri-hondar batzuk besterik ez ditugu ezagutzen.

Argazkia

Monumentuak

San Paulo eliza

Laukizuzen erako oinarria, nabe bakarrekoa, abside karratua. Epistola tokiaren alboan sakristia. Egurrezko sapaia, kainoi tankerako hiru ganga osatuz. Dorrea burualdean itsatsia, laukizuzen erakoa, teilatua txuntxurrean eta gainaldean gurutzea eta haizeorratza dituena.

Abside buruan, gaur bide-ertzeko gurutz-tokian dagoen Santuaren irudia zegoen. Aldameneko aldarean, berpizkunde garaiko San Pedroren irudia, eta Epistola eta Ebanjelio aldean, Miguel Oquino burgostarrak margotutako beste bi: Jesusen Igokundea eta San Pauloren Bihurrera. Sarrerako bi ateak, egurrezko oinarria duen arkupe baten babesean daude. Kanposantua elizaren ondo ondoan, itsatsita.

San Emeteri eta Zeledonioren ermita (San Matei)

Bergaratik Elgetarako bidean, Uberan sartu bezain pronto ezkerreko bidea hartu eta handik 300 bat metrora dago, Etxeberriaundia (Santikua) baserriaren ondoan. Oinarri karratua dauka, lau isuritako teilatua, eliza barruan gela handia, apaingarri gutxikoa: hormak margotuak, porlanezko lurra, eta erretaula. Sabaizun sapaia eta egurrezko habeak. Sarreran egurrezko atea, eta aurrealdeko horma guztian egurrezko hesia, beraz, barrua begibistan dago. Guzti hau arkupe baten babesean.

Baserri interesgarriak

  • Idarragagañekoa: sarreran, erdi-puntuko arkua, eta arku-giltzan giza antzeko irudi bat. Azpikaldean eguzkiaren ikur antzeko bat eta azpian data bat: “1846”.
  • Agirregoikua: aspaldi batean bi bizitzako etxea. Lau aldetako hormetan dauzka subitarteak, batzu zeharka daude eta beste batzuk ateburuan.
  • Errementarikua: etxaurreko sarrerako atearen ertzean erliebe bat, eta bertan gurutzea.
  • Posada: argiari sartzen uzten dion zulo txiki bat egurrezko baoguneen artean. Etxaurrean, labea babesten duen estalpea.

Pilotalekua

Bergarako baserri auzo askotan bezala, Uberan pilotalekua dugu eta baita horren ondoko aldagelak ere.

Argazkia