Bergara helduentzako txotxongiloen nazioarteko antzerkiaren erakusleiho bihurtuko da XVIII. Mostrarekin

Taun Taun Teatroak eta Bergarako Udalak XVIII. Helduentzako Nazioarteko Txotxongiloen Mostra aurkezten dute. 1991etik, bi urtetan behin egiten da, txotxongiloak haurrentzat bakarrik direla dioen estereotipoa hausteko helburuarekin, eta publiko helduari zuzendutako objektuen antzerkiaren hutsunea betetzeko asmoarekin.

Industrias UGATU omendu dute Ekinolaren seigarren edizioan

Industrias UGATU omendu dute Ekinolaren seigarren edizioan, Bergarako industria eta enpresa sareari hamarkadetan egindako ekarpena aitortzeko. Enpresaren 70 urte baino gehiagoko ibilbidearekin batera, industria sektorearen aldaketetara egokitzeko eta berritzeko izan duen gaitasuna eta etorkizunera begira egindako apustua nabarmendu dira ekitaldian.

Bergarako 2027ko egutegian publizitatea sartzeko aukera ireki du Udalak

Aurreko urteetan bezala, Bergarako Udalak 2027ko egutegia argitaratzeko asmoa du, herritarren argazkiekin hornituta. Oraingoan ere gaia libre utzi da eta, beraz, askotariko gaiak islatuko dira egutegian.

Egutegia aurreko urteetakoaren tankerakoa izango da eta, beraz, publizitatea logotipo moduan joango da. Horretarako azken eguna azaroaren 2a izango da. Harremanetarako telefonoa: 943783309 (Gertu inprimategia)

Bergarak Adinekoen Nazioarteko Eguna ospatuko du irailaren 21etik urriaren 2ra bitartean

Bergarako Udalak eta Bergarako Adinekoen Kontseiluak hainbat jarduera antolatu dituzte Adinekoen Nazioarteko Egunaren harira. Egitaraua irailaren 21ean hasiko da eta urriaren 2ra arte luzatuko da, eta adineko pertsonen parte hartzea, aisialdia, kultura eta bizi proiektuaren inguruko hausnarketa uztartuko ditu.

Bergarako Adinekoen Kontseiluak Bergarako adineko pertsonak ikustarazi, gizarte justuago baten alde egin eta adinekoen eskubideak eta esperientzia eta jakituria aprobetxatzeko helburua dauka.

‘Bergara Bizi’ ikasleentzako bonu-laguntzak urriaren 1etik 20ra eskatu ahalko dira

Bergarako Udalak ‘Bergara Bizi’ bonu-laguntzen deialdia egingo du aurten ere, 3 eta 18 urte arteko ikasleak dituzten eta baldintzak betetzen dituzten familiei eskola materialarekin lotutako gastuei aurre egiten laguntzeko. Bonuak urriaren 1etik 20ra eskatu ahal izango dira Udaleko B@Z arreta zerbitzuan.

Laguntzaren zenbatekoa ikaslearen adinaren araberakoa izango da. 2014 eta 2023 artean jaiotako haur bakoitzeko 100 euroko bonua emango da; eta 2008 eta 2013 artean jaiotako gazte bakoitzeko, berriz, 150 eurokoa.

Bizikletak prest jartzeko tailer ibiltaria Bergaran, Mugikortasun Astearen baitan

Irailaren 24an, bergararrek Irala-Irizar kalean izango dute bizikletak doan prest jartzeko aukera, 16:00etatik 20:00etara bitartean. Parte hartzaileek, gainera, bi bizikleta eta MUGI txartelerako 20 euroko 60 birkarga irabazteko zozketan parte hartu ahal izango dute.

Ekimenaren helburua bizikletaren erabilera sustatzea da, eguneroko joan-etorrietarako mugikortasun aukera gisa. Hala, herritarrek beren bizikleta tailer ibiltarira eraman eta doan prest jartzeko aukera izango dute.

Matrikulazioa zabalik Bergarako Udal Euskaltegian

Irailaren 28ra arte zabalik izango da izena emateko epea Bergarako Udal Euskaltegian. Urtero bezala, ikastaro eskaintza zabala dute euskara ikasi edota hobetu nahi duten 16 urtetik gorako guztientzat.

Maila guztietako taldeak izaten dira (A1etik C2ra), goizez nahiz arratsaldez, titulua ateratzeko edota besterik gabe norberaren euskara hobetzeko: berbetan erraztasuna hartzeko, irakurketa lantzeko, pixka bat idazten hasteko...

Autoikaskuntza ikastaroak ere badituzte; hartara, astean behin euskaltegira joanda ikasleak aukera du bere martxan, etxean, ikasteko.

Zine denboraldia abian Seminarixoan

Udako geldialdiaren ostean, irailaren 20an hasiko da zinema denboraldia Seminarixoan.
• Igande eta astelehenetan helduen zinea, 19:30etan, 5€ (astelehentan 4€, ikuslearen eguna)
• Igandetan haurren zinea, 17:00etan, 4€
• Asteazkenetan ZinemaOnen eskutik zinekluba, 20:00etan, 3€. Jatorrizko bertsioan azpitituluekin.

Iraileko sarrerak salgai daude asteazkenero, 18:00-20:00 bitartean, Seminarixoko leihatilan eta online. Urriko sarrerak salgai egongo dira irailaren 23tik aurrera.

Bergarako Emakumeentzako Jabekuntza Eskolak urritik abendura bitarteko programazioa aurkeztu du

Bergarako Udalak 2026-2027 ikasturteko Emakumeentzako Jabekuntza Eskolaren urritik abendura bitarteko egitaraua aurkeztu du. Doako jardueren bidez, emakumeen ahalduntzea, partehartzea, saretzea eta ongizatea sustatzea izango da helburua.

Aurtengo udazkeneko programak askotariko tailerrak, urte osoko ekintzak eta bi ikuskizun bildu ditu. Emakumeek interesa duten arlo desberdinak lantzeko aukera izango dute, hala nola gorputzaren zaintza, sormena, komunikazioa, komunitatearen eraikuntza, kultura eta ongizate emozionala.

Bergarako Udalak mendi eta lorezaintza lanetatik ateratako egurra doan emango die herritarrei

Bergarako Udalak deialdia zabaldu du udal mendi, baso, parke eta lorategietako inausketa eta mozketa lanetatik aterako den egurra doan banatzeko. Egur kantitatearen arabera loteetan banatuko da, eta zozketan ateratako lehentasun hurrenkeraren arabera esleituko zaie interesa duten herritarrei.

Bergaran erroldatutako pertsona fisikoek zein irabazi asmorik gabeko eta Bergaran egoitza duten pertsona juridikoek aurkeztu ahal izango dute eskaera. Zozketan lehentasuna izango dute pertsona fisikoek.

Orriak