Bergararen historia nagusiki lau epetan zatitu daiteke:

1. Herriaren jatorria.

2. Erdi Aroa: Hiriaren sorrera.

3. Bergara, ideia berrien bilgune Aro Modernoan.

4. Trena, Labe Garaiak eta inmigrazioa: Aro Garaikidea.

1. Herriaren jatorria

Arkeologiako ikerketek erakusten dutenez, Brontze Aroko monumentu megalitikoak zeuden bi gunetan:

  • Udala-Intxortako gune megalitikoan
  • Elosua-Soraluzekoan

Trikuharriak eta tumuluak ziren, lurperatzeko eraikuntza gisa erabiltzen zirenak. Egitura berbera da guztietan: hainbat harlauzaz osatutako kamara bat izaten zuten, eta hori estaltzen, errekarri berdintsuz egindako mendixka. Lan horietan aitzindari izan ziren Enrique Egurenek, Joxe Miel Barandiaranek eta Telesforo Aranzadi bergararrak egin zituzten indusketak joan den mendearen hogeigarren hamarkadan

Argazkia

Bergara izena antzinakoa eta aspaldikoa da. Idatzizko lehen aipamena 1050. urtekoa da, Sancho jaunak (Ziana Andrearen anaiak) egindako eskrituran jasotakoa. Dokumentu horren bitartez, Bergarako bere lurretan (Ariceta izeneko monasterioan hau da, San Miguelen) zituen sailak eta sagastiak eman zizkion San Juan de la Peñari.

Bergara hiria Alfonso X. Jakintsuak sortu zuen, Vitoriako forua emanez, Sevillan 1268ko uztailaren 30ean luzatutako pribilegioaren bitartez. Hala, Ariznoa izeneko leku batean herria sortzea erabaki zuen. Hiria hobeto jendeztatzeko, Gaztelako erregeek bi pribilegio eskaini zituzten:

  • Alfonso X.ak berak Avilan 1273ko maiatzaren 27an ondokoa agindu zuen: todos los hijosdalgo que hubiesen venido o viniesen a poblarla y ser vecinos de la misma, fuesen quitos de todo pecho, pedido enmienda y yantar.
  • Alfonso XI.ak, Sevillan 1344ko maiatzaren 20an emandako pribilegioaren arabera, hiri horretako biztanle izan nahi zuten eskualdeko kapare eta nekazariei hiriko forua eta bertako alkateaz epaituak izateko aukera eskaintzen zitzaien, bere oinetxetan jarraitu arren. Dena dela, pribilegio hori ez zen emango erregeari edo beste eskubideren bati zorpetutako petxa eta eskubideetatik ihes egiteko eskatzen bazen.

Gorosabelen ustez, 1344an jasotako pribilegioak eta Elgetarekin zeuden konponezintasunek erabaki zuten Oxirondoko Santa Marina parrokia Bergarako hirira eranstea. Eranspen hau San Pedroko elizan egin zen 1348ko ekainaren 16an, Mondragoeko eskribaua zen Fortún Ortizen aurrean luzatutako elkartasun-itunaren bitartez. Jasota dagoenez, Enrique II.ak berretsi egin zuen aipatu eranspena Burgosen 1373ko irailaren 10ean.

Bestalde, mende asko geroago, 1925eko abendurako ofizialki eskatuta zegoen Angiozarko bailara eta Ubera auzoa ere batzea. Legeak agintzen zituen tramiteak bete ondoren, Bergarako Udalak, 1927ko apirilaren 23an hartutako erabakiaren bitartez onartu egin zituen anexioaren baldintzak. Elgetako Udalak, bere aldetik, baldintza horien arabera bi auzoak banantzea eta Bergarara eranstea onartu zuen 1927ko martxoaren 24an.

2. Erdi Aroa: Hiriaren sorrera

Bergarari buruzko lehen aipamena 1050. urtean ageri da agirietan, Sanchok San Juan de la Peñako monasterioaren alde egin zuen Aritzetako San Migel monasterioko lursail eta sagasti batzuen dohaintzari buruzko eskrituran.

Gaztelak 1200 urtean Gipuzkoa bortxaz konkistatu zuenean, hiriak sortzeko prozesu bat hasi zen, ondoko helburuokin:

  • Gaztela Kantauriko portuekin bat egin eta merkataritzarako komunikazio-bideak sortu nahi zituen. Izan ere Bergara, orduan, Gasteiztik Deba eta Getarirako bidean zegoen. Horren ondorioz, garraiolari eta merkatarien topagune izan zen.
  • Gaztelako monarkiak, gainera, herri-gune indartsuak sortzeko ahalegina egin zuen, bandokideen indarrari aurre egiteko, baita Frantzia eta Nafarroarekiko defentsarako gotorleku izan zedin ere. Hori dela eta, 1273. urtean zergetatik salbuetsi egin zituen Alfontso X.ak hiriko bizilagunak.

Horrela bada, Villanueva de Vergara izenarekin, Alfontso X.a Jakintsuak sortu zuen 1268an, Gasteizeko foruan oinarriturik Udalaren gobernua herritar guztiek osatzen zuten, kontzeju irekian.

Irudia

1348an eta 1391n Oxirondo eta Uzarragako elizateetako bizilagunak hiriko partaide egin ziren, gainerakoek zituzten eskubide eta betebehar berberekin. Ahaide Nagusien arteko gerra ere iritsi zen hirira; Bergaran ozaetarrak eta gabiriatarrak zeuden elkarren aurka. Inoren aldeko jarrerarik hartu beharrik ez izateko, herriaren gobernu onerako Ordenantzak onartu zituzten Espainiako Errege Katolikoek 1490ean. Bestalde, guztien ordezkaritza (hiriaren gorputza eta errebalak, Oxirondoko elizatea eta Uzarragako elizatea) aldatuz joan zen denboran zehar eta etengabeko gatazkak sortzen ziren arrazoi horrengatik.

Gai honi konponbidea emateko hitzarmen bat egin zen 1497ko uztailean eta Errege Katolikoek berretsi egin zuten ondoren.

Garai hartan herriak zenbait aldaketa izan zituen:

  • Handitu egin zen
  • Bidekurutzeta eta Masterrekako errebalak sortu ziren.
  • Etxeak egurrezkoak zirenez, suteen aurrean arrisku handia izaten zen eta kezka handia izaten zuten herritarrek. Horren ondorioz, 1506ko suteen kontrako ordenantzak eta 1518an, etxeak karez eta harriz berreraikitzeari buruzkoak onartzea eskatu zuten herritarrek.

3. Bergara, ideia berrien bilgune Aro Modernoan

Gariaren azoka astean hiru egunetan egiten zen Bergaran, eta horrek jende asko erakartzen zuenez, beste hainbat kontratu eta negozio ere sortzen ziren. Hori zela-eta, bide eta ostatuen azpiegitura egokia zuen herriak eta aterpetxe eta ostatu ugari zen.

Argazkia

Merkataritzako eginkizunez gain, burdinaren transformakuntzan jarduten zuten tailerrak ere sortu ziren: Erramintariek totxo eran jasotzen zuten burdina euren sutegietan eta aitzurrak, matxeteak e.a. egiten zituzten; aiztogileek arma zuriak egiten zituzten, eta kofradia ere sortu zuten; eta suzko armak egiten zituzten artisauek, Deba bailarako armaginen tradizioaren barruan ekin zioten. Nobleek, merkatari aberatsek eta ejerzito zein administrazioko funtzionarioek euren etxeak eraiki eta birgaitzen zituztelako sortu zen arkitektura zibila, Ondartza eta Eguino-Mallea etxeak, esaterako. Eraikuntza erlijiosoak ere garatu ziren.

1565ean Ondartzako kontadoreak Trinitateko Komentua fundatu zuen berriz Goenkalean eta mendearen amaiera aldera Jesuiten Ikastetxea eraiki zen gaur egungo San Martin Agirre plazan.

XVII. mendean ere aldaketak izan ziren:

  • Mendearen hasieran, gaur egungo udaletxea eraiki zuen Lucas de Longa arkitektuak.
  • San Martin Agirre plaza handitu egin zen.
  • San Pedro eta Santa Marina elizak mende horretan zehar eraiki ziren, kanpandorreak izan ezik, beranduagokoak baitira.
  • Juan de Irazabal bergararrak, Sevillan kontadorea zenak, Juan de Mesaren Kristo Agoniakoa izeneko eskultura bikaina oparitu zion 1626an bere jaioterriari. San Pedro parrokian dago eskultura hori.

Antzuolaren desanexioarekin, 1629an aldatu egin zen Bergarako udalerria; Oxirondoko elizatearen saiakerak ez zuen aurrera egin eta herriaren barruan dago orain ere.

XVIII. mendean irakaskuntzako zentroek egin zuten ospetsu Bergara; Carlos III.ak jesuitak bota zituenean, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak jesuitek herrian zuten Ikastetxea eskatu zion erregeari. Ikastetxe horretan euren ideia ilustratuak praktikara eraman nahi zituzten eta lortu egin zuten. Kimika eta Mineralogia katedrek zientzilari garrantzitsuak erakarri zituzten, Proust edo Chabaneau esaterako. Irakaskuntzaren kalitatearen eta maila altuaren eraginez, mundu osoko ikaslez bete ziren gelak. 1799an Mariaren Lagundia Ikastetxea ere sortu zen neskatilentzat Espoloian.

Komunikazio beharraren eraginez, Araba Frantziarekin batzen zuen zalgurdien errege-bidea eraikitzen hasi ziren probintzian XVIII. mendean, Bergaratik pasatzen zena.

4. Trena, Labe Garaiak eta inmigrazioa: Aro Garaikidea

XIX. mendean gerra karlistak izan ziren gure probintzian. Leku estrategikoan zegoenez, Lehen Karlistadan tropek hartu zuten Bergara eta Seminarioan hartu zuten ostatu. Oso ezaguna da Bergarako Besarkada, gerrari amaiera eman ziona.

Gerrek ez zuten industriaren garapena gelarazi eta, besteak beste, ehungintza (San Antonioko Algodonera 1846an sortu zen), metalurgia, oinetakogintza eta teileriak izan ziren nagusi.

Argazkia

Bestalde, epaitegi barrutiko buru izendatu zuten Bergara eta Ariznoa plazan Epaitegia, kartzela eta eskolak eraiki zituzten Marcial Agirre eskulturgile bergararraren Doña Justa eskultura teilatuan duela. Kanposantua ere eraiki zen Matxiategin, herritik aldenduta eta Espoloia urbanizatu egin zen, Bidekurutzeta San Antonio auzoarekin bat eginez.

Trena 1888an iritsi zen Bergarara, eta komunikazio-gune garrantzitsu bilakatu zen:

  • Orduan Ferrocarriles Vascongados konpainiaren Durango-Zumarraga linea (goiko estaziokoa) martxan jarri zuten.
  • Bergara-Gasteiz linea 1919ko irailaren 3an abiarazi zuten Anglo-Vasco-Navarro konpainiaren eskutik (beheko estazioan).
  • Mekolalden egin zen linea bien arteko lotura.

Seminarioaren eraikinean Mariano José de Lascurain arkitektoak handitu ondoren, Gipuzkoako Institutu Probintziala jarri zen. Dena den, 1873an gerraren eraginez Donostiara eraman zuten.

XX. mendearen hasieran Unión Cerrajera de Mondragón enpresa sortu zen eta horren ondorioz Labe Garaietako auzo guztia. 1927an Angiozar eta Ubera auzoak, ordurarte Elgetakoak zirenak, Bergaran sartu ziren.

Beranduago, 50 eta 60ko hamarkadetan, Martoko, San Lorentzo eta Matxiategi auzoak eraiki ziren etorkinak zirela eta etxebizitzen behar handia zegoelako. Egoera ekonomiko onaren adierazle da hori.

Egoera ekonomiko on horretaz baliatuz, kultura eta kiroletarako ekipamenduetan ere bultzada garrantzitsua izan zen:

  • Labegaraieta auzoan (garai batean txatarra-biltegia zegoen lekuan) kiroldegia egin zen.
  • Errotalde jauregia egokituta Kultur Etxea eta Batxilergo Institutua eta udal igerilekuak eraiki ziren.
  • UNEDaren egoitza bihurtu zen Seminarioa.