Jaiotza: 
1 860
Heriotza: 
1 935

Angiozarren (Bergarako auzoan) jaio zen 1860ko ekainaren 20an, eta 1883an apaiz sartu zen frantziskotarren ordenan. Predikulari trebea izan zen, eta euskarazko idazle bikaina. Bere bizitzako gorabeherak ikusita, gizon saiatua eta gogotsua izan zela dirudi. Garrantzizko ardurak izan zituen bere ordenan: bikario, probintziako definitorioko kide eta frantziskotarren komisario Kantabriako probintzian.

Gauzak antolatzeko sen handia zuen eta, horrela, Santiago, Madril eta Erromako nazioarteko biltzarretan izan zen. Euskal Herrian Tolosa, Zumarraga, Zarautz, Beasain, Bergara, Itziar, Durango, Gernika, Begoña, Estibalitz, Segura, Aia, Lekunberri eta Donostiako biltzarrak antolatu zituen. Izen bereko argitaletxearen oinarria izan zen "Arantzazu" inprimategia sortu zuen, beste hainbatekin batera.

Hizkuntzari dagokionez, euskara erabili zuen bai apostolutza-lanetan, bai predikuetan, eta baita inprimategian ere. Euskarazko lan ugari idatzi zituen, guztiak ere frantziskotarren hirugarren ordenari buruzkoak: "Lezoko peregrinaziorako kantak", 1900; "Irugarrengoen irakaslea", 1917/23; "Aita San Franciscoren irugarrengoentzat eleiz kantak", 1919; "Zeruko mana gozoa", 1924, arrakasta handia izan zuena; "Lore sorta edo San Frantziskoren 3'n erregla" eta zenbait bederatziurren.

Bestalde, euskarazko aldizkari bat argitaratu zuen Zarautzen bere hirugarrendarrentzat: Irugarrengoen irakaslea. Bera hil ondoren ere aldizkaria argitaratzen jarraitu zuten. Zarautzen hil zen, 1935eko maiatzaren 7an.