Urriaren 13an izango da Deba Ibaiaren garbiketa. Parte hartzeko aurrez izena ematea beharrezkoa da.

Datorren urriaren 13an, Erreka Eguna dela eta, Deba Ibaia auzolanean garbituko dugu Bergaran, zehazki, Epeletik Osintxurako tartea. Garbiketarako erreka hainbat ataletan banatuko dugu eta, boluntarioak taldeka antolatuta, talde bakoitzari erreka zati bat garbitzea egokituko zaio. Lan-talde bakoitzak beharrezko material guztiak izango ditu zeinak Bergarako Udalak jarriko dituen.

Hori dela eta, kudeaketa lanak errazteko, beharrezkoa izango da aurrez izena ematea errekagarbitzeko@gmail.com helbidera emaila idatzita edo formulario hau beteta. Orain arte, 250 pertsona inguruk eman dute izena.

Giro paregabea

Goizean egindako lanak konpentsatzeko erreka garbiketan parte hartzen duten guztiek luntxa izango dute, musikaz girotuta. Luntxaren prestaketan lagunduko dute Bergarako hainbat elkarte gastronomikok.