Isil-isilik, oraindik ilun zela hasi zen biltzen jendea. Batzuk kotxez, hiruzpalau kamioiarekin, bizikletaz gehienak. goizeko hotzak ez zuen jendea beldurtu.

Iepa! Egunon. Hi be bai? Dotore etorri haiz erreka zuluan ibiltzeko! Atzo zer? Geroz eta jende gehiago.

Berehala taldeak egin eta bakoitza bere lekura abiatu zen: zuei tokau jatzuen lekuan ikusiko dituzue arraiñak, guanterik bihar dozue? hartu plastikuak! Errekara danok.

Pipipi, ezer bihar dozue? lanean hasi orduko. Kasurik ere ez, denok presaka lehen poltsa betetzeko erreka kontrako lizarretan, haltzetan, akazietan zein harri artean zegoen plastiko, kotoi, tela, alanbrez eta abarrez ehundutako zikinkeriari tiraka.

Uraren zurrumurrua lagun, jardun gutxi, baina, hala eta guztiz ere, aurrerapen txikia. Poltsak gastau dira, etorri bitartean segi biltzen gero jasoko ditugu-eta.

Walkiaren pipipi tematia geroz eta urrunago. Hemen mikroondasa, hor extintorea, ikusi koltxoia, kotxian altaboza, han motorra... ikusten don hau?!

Lau bat ordutan zabor tona mordo bat atera genituen errekatik, baina hala eta guztiz ere mordo bat geratu zen bertan. Egarriz eta gosez bildu ginen sagardo, gazta eta txorixoaren inguruan, jendea pozik bakoitzak bereak kontatzen eta besteenak entzuten. Merezi zeban! Hurrenguan be bai. Zenbat denbora pasatu behar da guztiz garbitzeko?

Denak pozik? Ez, denak ez. vais a dejar eso ahí? batzuek; Erreka garbitzia? Hori udaletxiari tokatzen jako! beste batzuek. Gure galdera eta zikintzia zeiñi tokatzen jako ba?

Aurtengoa ondo joan da, egindako ahaleginari esker erreka garbiagoa izango dugu, baina hori baino garrantzitsuagoa da auzolanak eragin duen poztasuna eta errekarenganako sortu duen erantzukizuna. Aita-ume bat ikusi dot gusanitos paketia lurrera botatzen eta esan dotset: jaso hori, bestela errekara joango da-eta. Ondo egin dotela?

Eskerrik beroena luzatu nahi dizuet aurreko igandean Epeletik Osintxura erreka garbitzen ibili zineten erreka lagun guztioi eta bereziki antolaketa lanetan ibili zaretenoi.