Ibilbidearen mapa

Ibilbide hau, Bergarako iparraldean garatzen da eta "Vasco Navarro" eta "Vascongados" trenbideen bideak zeharkatzen dira.

  • Distantzia: 14 km.
  • Iraupena: 3 ordu.

Bergarako saihesbideko iparraldeko sarreraren ingurutik, kanposantuko aparkalekutik abiatzen da ibilbide hau. Hainbat ikastetxeren aurrean dagoen Boni Laskurain pasealekua hartu eta zubia pasa ondoren bidegurutze batera iritsi eta gero, eskuinalderantz abiatu eta metro gutxira bestaldera pasa eta Madura auzoko erdialdetik eskumarantz jo auzoa zeharkatuz. Bukaeran ezkerrerantz jo eta aldapa igo, Moiua dorrea (mapako 1 zenbakia) parez pare ikusi arte.

Eraikina ikusi ondoren, bidera itzuli eta Melchor Sanchez Toca kaletik gorantz igo bidea bukatu arte, eta "Vascongados" trenbide zaharrean (mapako 2 zenbakia) zaude. Jarraitu beherantz Osintxurantz. Oso gutxira helduko zara arku askoko (itxita daudenak) eraikuntza batera, trena zebileneko trenbidearen argindarraren zentrala da.

Biren bat kilometro jarraituz, trenbidea zeharkatzen duen bide batekin topo egin eta gero hartu eskumarantz. Hemendik 300 bat metrora dago bisitatu behar dugun San Blas auzoa eta bertan Murinondoko Andre Maria edo San Blas baseliza (3 zenbakia).

Bisita egin ondoren jaitsi trenbideraino eta eskumarantz hartu Mekolaldera iritsi arte. Jarraitu bidea beherantz Osintxuraino (4. zenbakia); Deba ibaia ezkerraldean izango dugu betiere. Nortasun propioa duen Osintxu auzora iristerakoan, bertako zubia ikus dezakegu.

Ondoren, etorri garen leku beretik itzuliko gara. Mekolalden, garai batean, tren gurutzebide bat zegoen: bata Zumarragarantz zihoana eta bestea, Gasteiztik zehar Lizarrara iristen zena.

Mekolaldeko zubia (5 zenbakia) ikusi, itzuli trenbidera eta eskuinean dagoen trenbideari jarraitu gorantz, kasu honetan, "Anglo Vasco-Navarro" trenbidea, baina igotzeke. Baratze eta baserri artean egindako bideari jarraituz Bergarako Iparraldera iritsiko gara. Lehenago eskumaldean, Murinondoko zubia (6 zenbakia) dago. Zubitik ibaiaren beste aldera pasa eta jarraitu pixka bat eskumaldera, errepide jeneralera iritsi arte. Hau gurutzatu eta San Antonabadera heltzeko bidearekin topo egingo duzu, hamarren bat minutuko bidea egin eta gero baselizara helduko gara. Bisita egin ondoren lehengo bidetik Murinondoko zubira jaitsi. Hemen Bergarara doan trenbide zaharrari jarraituz abiapuntura iritsiko gara.

Bisitatu nahi izanez gero, bidetik oso gertu Murinondoko zubira jeitsi. Hau, errepide nagusiko errotonda berrira eramaten duen bidearen alboan aurkitzen da.

Interesguneak

Moiua dorrea

Hainbat mendetan eginiko (XVI, XVII) eta berriztatutako (XVIII. mendean) eraikina dugu. Oinplano karratuko eraikin honek bi solairu eta ganbara ditu. Bere teilatua lau isuritara zabaltzen da. Fatxada nagusia ikusgarria da. Beheko solairuan, arku ojibaleko sarrera nagusia eta leiho bikoitzak ditu. Solairu nagusian bost balkoi daude bere leihoburuak arku konopialdunez eginik.

Trenbide zaharra

Bergaratik igarotzen ziren Maltzagatik Zumarragara eta Maltzagatik Lizarrara zihoazen trenak eta Mekolalden zuten bidegurutzea. Batetik, "Anglo Vasco-Navarro" delako trenbidea eta bestetik, "Ferrocarriles Vascongados". Lehenengoaren eraikuntza 1887an hasi zen eta arazo desberdinak zirela medio, Mekolalde Gasteiz zatia ez zen zerbitzuan sartu 1918 arte. Bigarrena, berriz, 1889. urtean hasi zen zerbitzuan. Goiko Estaziotik pasatzen zen, Antzuolatik zehar, Zumarragara iristeko.

Murinondoko Andre Mari edo San Blas ermita

Baserri baten alboan dago. Basilikaren eraikina bera ez da aparteko lana. Bertan bi zonalde bereiz daitezke: ermita bera eta XVIII. mendean, ermitari kenduta egin zen baserria. Elementu aipagarrienak barruan, erretaulan, aurkitzen dira; Murinondoko Ama Birjina, San Blas eta Santa Isabel. Bertara, katarroa sendatzeko edo erditze zoriontsua izan dezatela eskatuz, edo kandelak eramatera hurbiltzen da jendea.

0sintxuko zubia

Osintxu auzoan dago. Erdi puntuko 4 arkuz osatzen da. Honek ere perfil konfortua erakusten du hirugarren arkua besteak baino garaiagoa delako (9,5 m.). XVI. mendeko bigarren zatian aipatzen da Oxirançu-ko zubi bezala. Aipagarriak dira auzo honetako Kofraixak izeneko jaiak. Abuztuaren azken domekan ospatzen dira eta bertan txekor baten haragi egosiak Festara hurbiltzen direnen gosea asetzeko balio izaten du.

Mekolaldeko zubia

Berau Mekolalde inguruan Narvaiza lantegiaren aurrean aurkitzen da. Erdi puntuko 3 arkuz osatzen da. Erdiarokotzat jo izan bada ere, XVII eta XVIII. mendeen artean jasoa izango zelako ustea ziurragoa da.

Murinondoko zubia

Erdi puntuko lau arkuz osatzen da. 1764. urtea baino lehenagoko zubi hau Santo Tomas izenez ezagutzen zen. Ez dugu datu zehatzik jaso zeneko garaiaren inguruan.

Beste interesgune batzuk:

  • Sanantonabat ermita
  • Ondartzako zubi zaharra