Monumentuaren argazkia

XVI. mendearen lehenengo erdian jaso zen Arrese Etxea; orduan sarrerako arku handi bakarra zuen eta bere horma sendoetan leiho txiki gutxi ikusten ziren. Honi esker, eta etxeak zituen eta gaur egun kontserbatzen dituen gorputz zilindriko edo garitoiengatik, Arrese Etxeak Erdi Aroko dorre gogorren itxura indartsua zuen.

Mendearen bigarren erdian Errenazimendu estiloko balkoi eder batekin apaindu zen eraikuntza, eta honela jauregi baten izaera izatera gehiago hurbildu zen.

  • Balkoia angelu batean dago, etxeko armarriaren gainean, multzoa edertzen duela.
  • Alboetan joniar pilastra bikoitzak ditu, ondorengo elementuen euskarri direnak: lerro oblikuoez apaindutako arkitrabe bat, apaindurarik gabeko friso bat eta dinteldun bat.
  • Guztiaren gainean frontoia dago, dekorazioa hartzeko: emakume baten bustua barne alde edo tinpanoan eta urna edo flameroak eta dragoiak kanpoaldean.

Obra primerakoa da Arreseko balkoia, bai berau dekoratzen duten eskulturen eta gainontzeko elementu apaingarrien fintasunagatik, bai arkitekturaren ikuspuntutik lan heldua eta borobila delako, León edo Cáceres eta Trujilloko izkinako balkoien parean jarri daitekeena beldurrik gabe. Azken ikerketen arabera, Pedro de Ibarra maisua izan liteke XVI. mendeko balkoi eder honen egilea.