Monumentuaren argazkia

Arrese Etxearen parean, lorategi txiki eta txukun bat alboan duela Irizar Jauregia ikusiko dugu. Gaur egun izen horrekin ezagutzen bada ere, bere jatorrizko izena Urrutia-Espilla da; XVII. mendearen erdialdean jaso baitzuten, antzinagoko etxe bat zegoen leku edo orubean, Ignacio de Urrutia eta bere emaztea Ana de Espillaren aginduz. Urrutia kapitaina, armadan urteak egin eta gero, eta Sevillan eta Ameriketan zituen negozioei esker, dirudun bueltatu zen Bergarara, eta bertan ezkondu ostean, jauregi eder hau jaso zuen. Eraikuntza apaindura urrikoa da:

  • Balkoietako burdinsareak (oso aberatsak eta burdin lan primerakoak dira).
  • Hiru solairuak bereizten dituzten platabandak.
  • Izkinetako batean dagoen Urrutia-Espilla armarria.

Barruan atari handia eta eskailerarako sarbidea den arku karpanel ederra dira aipatzekoak. Herrera maisuaren lanetan inspiratutako korronte klasizistari jarraituz XVII. mendean eraiki zen etxe honetan, Lehenengo Guda Karlistari bukaera eman eta bide batez Euskal Foru Erregimenaren bukaera erakarriko zuen hitzarmena sinatu zuten, 1839 urtean, Espartero eta Maroto generalek.