Monumentuaren argazkia

Bidekurutzeta kalearen hasieran kokatzen den eraikuntza hau Andres Martinez de Ondartzaren aginduz jaso zen XVI. mendearen lehen erdian. Ondartza jauna Bergaran jaio zen XV. mendearen azken herenean. Katolikoa ezizenez ezagutzen zen Fernando erregearen, Juana erreginaren eta Karlos V.a enperadorearen gorteetan goi mailako karguak bete zituen. Magdalena de Araotz andrearekin ezkondu, eta 1536 urtean enperadoreak baimena eman zion maiorazgoa sortzeko, zeinaren buru etxe bikain eta dotore hau ipini zuen.

Badirudi, bere atzean eta oso gertu duen Olaso Dorrea bezala, jatorrian Ondartza etxeak bi gorputz zituela, bata altua eta garaia, dorre formakoa (Bidekurutzeta kalean dagoena), eta bestea zabalagoa eta lehenengoa baino altuera txikiagokoa (Olaso dorrea ia ukitzen duena).

XVIII. mendean garrantzizko obrak egin ziren:

  • Etxearen teilatuetan eta orduan eman zitzaion eraikuntza osoari altuera berdina eta estaldura bakarra.
  • Ondartza gaur egun aurkezten duen hegal barroko aberatsa gehitu zitzaion.

Bidekurutzeta kalerako fatxadan, bi arku zorrotz zabal ditu etxeak, eta baita bi armarri ere: Ondartza-Araotz familiarena eta bere gainean Karlos V.rena. Azkeneko honek, fintasun handiz maisuki zizelatua dagoenak, arrano buru bikoizduna eta urrezko ardilarrua edo toisoia ditu, eta Ondartza jauna enperadorearen zerbitzari zela adierazten du.