Bergarako herriak urte asko daramatza euskara indartzeko ahaleginetan. Eta ahalegin horiek izan dute emaitzarik: esaterako, 1981etik hona 14-25 urtekoen ezagutza %56tik %95era pasatu da eta erabilera %10etik %53ra.

Urrats garrantzitsuak eman ditugu, beraz, eta horrek etorkizunean gogoz eta ilusioz jarraitzeko indarra eman behar digu.

Horretarako, udalak urte anitzeko planak diseinatu eta bideratu izan ditu herriko hainbat entitaterekin lankidetzan, beti ere honako helburuarekin: euskara Bergarako ohiko hizkuntza gisa trinkotzea, Bergara euskararen arnasgune izatea. Planotan gizarteko esparru gehienetan euskara sustatzeko neurriak eta proiektuak jasotzen dira. Hemen ikus dezakezu Bergarako Udalak 2014ko irailaren 29an onartutako azkeneko plan estrategikoa: ESEP 2014-17

Era berean, webgune honen ataletan ikus dezakezu puzzle hori osatzen duten egitasmoetako batzuen gaineko azalpen laburra. 

Zu ere egitasmo ilusionagarri honetan partaide izatera animatzen zaitugu.