Soraluce Koop. E. enpresak Osintxun eraikin industrial berri bat egin nahi du bertako aktibitatea indartzeko, baina horretarako ezinbestekotzat du Amillagan daukan nabe industriala saltzea. Hala, Udalak akordioa hitzartu du Soralucerekin Amillagako A-40 b areari komertzial izaera erabilera baimentzeko. Udalbatzak babestu du hitzarmena, eta orain hitzarmena jendaurrean egongo da.

Soralucek Amillagan daukan partzela 4.461,51 metro koadrokoa da eta bertan 2.390 metro koadroko nabea dago. Lidl-ek eraikin berri bat egingo luke, Soralucek daukana baino altuera eta bolumen txikiagokoa.

Udalak oso positibotzat hartu du Soraluce Koop. E. k Bergaran duen aktibitatea sendotu nahi izatea; eta uste du hitzarmenak onura handiak ekarriko dizkiela bai Osintxuri eta baita San Lorenzori ere.

Hitzarmen hori gauzatzea oso albiste ona da Bergararentzat bi arrazoigatik: Soraluce enpresak bertan egonkortu eta indartuko du akibitatea, eta lan gehiago ekarriko du herrira. Era berean, Amillagan hutsik geldituko den gunea Lidl enpresak erosi nahi du eta honek aktibitate berri bat ekarriko du herrira. Hori erakargarria izango da inguruko jendea ere bertara erakartzeko.

Gainera, Amillagako gunearen erabilera aldaketarekin lortuko da aktibitatea mantentzeaz gain, inguruko etxebizitzetako bizilagunen bizi kalitatea hobetzea: industria aktibitatetik merkataritza aktibitatera zarata maila asko jaitsiko da (Zarata mapak hala ondorioztatu zuen); horrez gain, erabilera berri honi esker partzela horretako lur kutsatua birgaituko da.

Esan beharra dago, erabilera komertziala emateko gune aproposa dela bidegorriaren ondoan dagoelako. Are gehiago, bertan autobus geltokia ere badago. Horrek ahalbideratzen du joan-etorri handiak dituen inguru horretan mugirkotasun aukera handiak izatea, bai oinez, autobusez, bizikletan zein autoz.

Hitzarmenak ekarriko dituen beste onura garrantzitsu batzuk:

-Osintxun asfaltatze lanak egingo ditu Soraluce enpresak.

-Amillagan onura nabarmenak ekarriko ditu:

      º Lur azpiko aparkaleku bat egingo du Lidl-ek eta komertzio orduetan erabilera publikoa izango du.

      º Markesina berria ipiniko da, eta gaur egungoa –fibrozementozkoa- kendu egingo da.

      º Aurrekaldeko espaloia moldatu egingo da.

      º Aurrekalde horretako 90 metro koadro Udalaren esku gelditzen dira.

      º Bizikletentzat aparkaleku estalia izango da.

      º Zarata gutxitu egingo da nabarmen.

      º Pabiloi berria altuera eta bolumen txikiagoa iznago du, eta etxebizitzen aurrealdeak bistak irabaziko ditu.

Hitzarmenak zehazten du Amillagan egingo den eraikin berrian aktibitate bakarra izango dela eta elikagaiak saltzea ahalbideratzen dela. Hori horrela izanda eta herriko eragileekin aztertuta ondorioztatzen da ez duela herriko komertzioekiko konpetentziarik eragingo; alderantziz, lehia gune horretan kokatutako saltoki handien artekoa izango dela.

Horrez gain, bidegorriaren osagarritzat hartu du Lidl-k bertan aktibitate komertzial berria zabaltzea; eta azpimarratu du herriko eragileekin batzartuta ondorioztatu dutela Bergarako komertzio txikiari ez diola kalte egingo, gune horretan kokatutako handien arteko lehia izango delako.