Covid19ak tabernen terrazen erabileran ezarritako neurriak direla-eta, udalerriko tabernarien ordezkariekin elkartu da Udala bi aldiz azken astean.

Izandako bilera hauetan pertsonen arteko distantzia bermatzeko neurriak hartuta terrazen erabilera segurua bermatu eta hauek baldintza berrietara egokitzeko neurriak izan dira mahai gainean.

Eremu publikoan kokatzen diren terraza hauek egunerokoan beste erabilera eta interes batzuekin uztartu eta egokitzapenak egiterako orduan hauek ere kontuan izan beharra dago.

Honela, tabernetako terrazak okupatzen duten eremu publikoa ohiko espazioa baino zabalagoa izatea onartuko da distantziamendu sozialeko neurriek ohiko baldintzertara itzultzea ahalbidetzen ez duten bitartean. Horretarako, ondorengo baldintzak eman beharko dira:

-Inguruan erabilera publikorako espazioak bermatzea, murriztuta ere gutxiengo espazioak errespetatuz.

-Oinezkoentzako pasoa gutxienez 3 metrokoa izatea. Ahal dela oinezbidearen zabalera 4 metrokoa izanik.

-Atarietara edo gainontzeko lokaletarako sarrerak errespetatzea.

-Mahaien arteko distantzia 2 metrokoa izatea (mahai baten aulkitik aldameneko mahaiaren aulkiraino).

-Mahai bakoitzean 4 aulki soilik izatea eta soberako jarlekuak eremu publikotik erretiratzea.

-Mahaiak elkartu ahal izango dira, asko jota 10 pertsona batuz.

-Larrialdietarako pasoak baimentzea.

-Mahai kopurua proposamenak aztertuta Udalak mugatu du, betiere 10eko muga gainditu gabe.

Hala, ostalaritza-negozio bakoitzak bere terrazaren kokapenaren proposamena bideratu beharko du lehenbailehen Udalera, garapena@bergara.eus e-posta helbidera.

Proposamenak aztertuta udalak onartu, ukatu edo moldaketekin onartuko du bakoitza, aurreko neurriak zorrotz betetzen direla ziurtatuta. Proposamenak aurkeztu ezean, dekretuak dioen bezala iazko mahaien %50 bakarrik jarri ahal izango du ostalaritza aktibitate bakoitzak.

Terrazek eremu publikoaren erabileragatik ordaindu beharko luketen tasari dagokionean udal gobernuak egoera berezi honetan tasa hori hobaritzeko tabernariek kolektibo gisa ere konpromiso bat hartzea eskatu die hauei.

Honela, tabernariei eskatu die beraien artean baldintza oso ezberdinak egonik kolektibo barruko ezberdintasun horiek txikitzeko proposamen bat helaraz dezatela. Modu honetan Udalak eta, beraz, herriak ostalaritza jasaten ari den egoera gogor honetan beraiekiko agertuko lukeen keinu solidarioak kolektibo barneko kideen artean ere islada bat izan dezan.

Udala prest legoke terrazen kale okupazio tasa ez kobratzeko abenduaren 31ra arte, horretarako ostalariek elkar lankidetzarako eta elkar laguntzeko konpromisoa hartuko balute. 

Aztertzeko dago oraindik ura eta zaborren tasaren hobariak egiteko aukera, aste honetan bertan foro arauaren aldaketak honetarako aukerak zabaldu ostean. Datozen asteetan landuko da aukera eta izango lituzkeen ondorioak baloratu ondoren jakinaraziko da.