webmaster-k Az, 2026-02-11 12:03-n bidalia
Bergarako Udalak eta Olaso Dorrea Fundazioak asteazken goizean aurkeztu dute 2026ko ‘Monzon-Ganuza, Euskal Utopikoei Saria’, eta aurtengo sariduna Miguel Castells Artetxe (Busturia, 1931) abokatua izango dela iragarri dute. Prentsaurrekoa Bergaran, Olaso Dorrean, eskaini dute Gorka Artola Bergarako alkateak eta Irati Jiménez Olaso Dorrea Fundazioko presidenteak.
Artolak gogorarazi du sariak Telesforo Monzon eta Maria Josefa Ganuza omendu nahi dituela, “askatasunaren aldeko borrokan elkarrekin egin zuten ibilbideagatik”. Udalaren eta Olaso Dorrea Fundazioaren hitzetan, “utopia ez da helmuga bat, egunero bidean jarraitzera bultzatzen gaituen horizontea baizik”.
Horregatik, 2021etik gaurdaino, sari honek bizi osoa Euskal Herriaren, euskararen eta euskal kulturaren alde eman duten pertsonak omentzen ditu.
Orain arte saridun izan dira:
• 2021 – Libe Goñi
• 2022 – Jose Luis Elkoro eta Mari Karmen Ayastui
• 2023 – Xabier Amuriza
• 2024 – Jose Mari Esparza
• 2025 – Amaia Zubiri
Urtero, sarituak euskal artista gazte baten obra jasotzen du.
Aurtengo sariduna: Miguel Castells Artetxe
Edizio honetako hautatua, Miguel Castells, Euskal Herriko legediaren historian erreferente bihurtu den abokatua da. Busturian jaio zen 1931n, eta gaztetatik bizi izan zuen injustiziaren errealitatea: ama bost urterekin galdu zuen, eta Terueleko bataila galdu ostean, aita kartzelaratu egin zioten.
1956tik aurrera abokatu aritu da, eta ordutik “ahulen alde lan egitea” hartu zuen konpromiso pertsonal eta profesional gisa. 1960ko hamarkadan, ETAko auzipetuen defentsarako taldeak antolatzen lagundu zuen, eta 1970eko Burgosko Prozesuko abokatuetako bat. Izan zen.
Bere ibilbidean nabarmenak dira, besteak beste:
• Txiki-ren testamentu politikoa 1975ean Modelo kartzelatik Euskal Herrira ekarri izana.
• Amnistiaren Aldeko Batzordeen sortzaileetariko bat izatea.
• 1983an urtebeteko espetxe zigorra jasotzea Punto y Hora aldizkarian tortura eta hilketa zigorgabeak salatzeagatik, eta auzia 1992an irabaztea Europako Giza Eskubideen Auzitegian.
• Euskal errefuxiatu deportatuen babes politiko eta juridikoan egindako lana.
• Ofiziozko abokatu gisa 60 urteko jardunagatik, Gipuzkoako Abokatuen Elkargoaren kondekorazioa jasotzea (2020).
Irati Jiménezek nabarmendu du Castells “erreferentziazko legelaria” dela, eta bere irizpide juridikoak gaur egun ere unibertsitateetan erabiltzen direla. “Behartsuen aldeko konpromiso etikoari” eutsi izan diola azpimarratu du.
Sari banaketa ekitaldi irekia martxoaren 10ean, 18:30ean, egingo da Bergarako Seminarixoan.

