webmaster-k Ar, 2026-02-17 21:05-n bidalia
Espainiako Justizia Auzitegi Gorenak ezeztatu egin du Eusko Jaurlaritzak Valogreene auziaren inguruan aurkeztutako kasazio helegitea, eta horrenbestez, Valogreene Paper S.L.ren ingurumen-baimen integratua baliogabetzen duen epaia irmo bihurtuko da. Ebazpen honek berresten du 2025ean auzitegi berak eman zuen sententzia, zeinaren bidez arrazoia eman baitzion Bergarako Udalari.
Auzitegi Gorenak hartutako azken erabaki honek sendotu egiten du Bergarako Udalak hasieratik defendatutako jarrera: Valogreene proiektua ez zetorrela bat udal planeamenduarekin, eta administrazio prozedura funtsezkoak urratu zirela Eusko Jaurlaritzak ingurumen baimen integratua ematean.
Epaia baloratzeko, agerraldia egin dute astearte honetan Bergarako Udalak, Larramendiko Arnasa herri-plataformak, bertako auzotarrek eta Ekologistan Martxan-eko ordezkariek.
Udalaren balorazioa:
Gorka Artola alkateak adierazi duenez,“epai irmo hau oso garrantzitsua da Bergararentzat, eta esan nahi du behin betiko amaitu dela gure herrian paper hondakinen errausketa-planta bat ezartzeko arriskua”.
Artolak gogorarazi du urteetako bidea izan dela, eta ez erraza: “Proiektuaren sustatzaileek Udalera etorri zirenean ez zuten informazio oso eta gardenik eman. Dokumentazioak ez zituen jarduera errealak behar bezala islatzen, eta errausketarekin lotutako jarduerak ez ziren argi azaldu. Horrek guztiak kezka eragin zigun hasieratik, eta argi azaldu genuen proiektua ez zetorrela bat udal-planeamenduarekin eta ez zuela bermatzen herritarren segurtasuna”.
Alkateak eskerrak eman dizkie udal langileei “egindako lan isil eta zorrotzagatik”, baita Larramendiko Arnasa plataformari, Ekologistak Martxani eta prozesuan lagun izan diren herritarrei ere: “Zuen tinkotasunik gabe, bide hau askoz zailagoa izango litzateke. Herri aktibo eta arduratsua gara, eta gaur berriro erakutsi duzue”
Aurrera begira, Artolak azpimarratu du ebazpenak aukera berriak irekitzen dituela: “Larramendiko industriagunean urteetako blokeoa gainditzeko unea da, eta industria-garapen jasangarri baten alde egiteko aukera dugu.”
‘Larramendiko Arnasa’ plataformaren eta Ekologistak Martxan-en balorazioa:
Larramendiko Arnasa herri-plataformaren ordezkariak, Edurne Arenazak, adierazi duenez, berria “izugarrizko poza eta Herriaren garaipen kolektiboa” da. “Kaltegarria izango zen erraustegiaren aurkako borroka irabazi dugu, eta azkenean pertsonen eta ingurunearen osasuna gailendu da”.
Gure eskerrik beroena eman nahi diegu prozesu honetan lagun izan diren guztiei: Udalari, gaia behar bezala bideratzeagatik; Ekologistak Martxan taldeari, eta Carlos Arribasi hasieratik behar zen garrantzia eman diolako; eta herritarrei, mobilizazioetan, bileretan, sinadura bilketetan eta ekimenetan parte hartu izanagatik”.
Era berean, plataformak iragarri du maiatzaren 16an ospakizun-egun handi bat egingo dutela San Juan inguruan.
Bukatzeko, Ekologistak Martxan-eko Kepa Olaiz kideak nabarmendu du ez dela “ohikoa erakunde publikoak, gizarte eragileak eta ekologistak batera aritzea, baina kasu honetan gauzak juridikoki eta gizarteari begira ondo egin dira”.

