webmaster-k Og, 2026-03-26 09:12-n bidalia
Osintxun Open Gela bulego berria irekiko da apirilaren 1ean, auzoaren eraberritze eta birgaitze prozesua sustatzeko helburuarekin. Ekimen hau Osintxu Biziberritzen mahaiaren lanaren ondorio da (Bergarako Udala, Suradesa agentzia, Txuringo auzo elkartea eta Soraluce Coop).
Gainera, Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako (200.000€) proiektu baten barruan kokatzen da, eta herritarren parte hartzea zein informazioa erraztea izango du ardatz nagusi.
Open Gela auzo bulegoa herritarrentzako arreta gune izango da, birgaitze lanen inguruko informazioa, orientazioa eta aholkularitza eskaintzeko. Bertan, etxebizitzen eta eraikinen eraberritze energetikoari, irisgarritasun hobekuntzei eta dirulaguntzen izapidetzeari buruzko informazioa jaso ahal izango da.
Proiektuaren helburua da Osintxu auzoko bizi-kalitatea hobetzea, eraikinak modernizatuz eta energia-eraginkortasuna handituz. Aldi berean, auzoaren kohesio soziala eta garapen jasangarria indartu nahi dira.
Zerbitzua ematen Unai Rodriguez ariko da:
- Astearteetan: 10:00etatik 13:30era.
- Asteazken eta ostegunetan, goizez 10:00etatik 13:30ra eta arratsaldez 16:00etatik 19:00etara.
Arduradunen arabera, Open Gela tresna giltzarria izango da herritarren eta administrazioaren arteko zubi lana egiteko, informazioa gardentasunez eskainiz eta auzoko bizilagunak prozesu osoan lagunduz.

