Bergarako Udalak Pentekoste Jaietako 2026ko esku programaren azala aukeratzeko kartel lehiaketa jarri du abian. Parte hartzea guztiz irekia izango da, edozein pertsonak har dezake parte, eta lanak aurkezteko epea apirilaren 21ean, 13:00ak baino lehen amaituko da.

Azalak Bergarako Udaleko BAZ zerbitzuan (Bergararren Arreta Zerbitzuan) aurkeztu beharko dira, formatu eta baldintza tekniko hauek betez:
• Neurria: 30 x 42 cm
• Erresoluzioa: 300 ppp
• Formatu bertikala
• Paperean inprimatuta, kartoizko oinarri batean
• Irudiaren kopia digitala ere aurkeztu beharko da
• Teknika librea
• Nahitaez txertatu beharreko testua: “PENTEKOSTE JAIAK 2026 BERGARA”

Originaltasuna bermatzeko, lehiaketara aurkezten diren lanek ezin izango dute aurretik argitaratuak edo beste lehiaketa batean aurkeztuak izan, eta adimen artifizialaren erabileraren zantzua duten lanak automatikoki baztertuko dira. Era berean, ez dira onartuko berdintasunaren edo adikzioen prebentzioaren irizpideen aurkako adierazpenak dituzten lanak.

Lanak anonimoki aurkeztu beharko dira: irudiaren atzeko aldean lelo bat jarriko da, eta lelo bera eramango duen gutunazal itxi baten barruan egilearen datuak eta originaltasun adierazpena sartuko dira.

Epaimahaia Udaleko Berdintasun, Prebentzio eta Kultura sailetako ordezkariek, Jai Batzordeko kide batek, komunikazio eta diseinuan aditu batek, eta arte diziplinetan ezagutza duten herriko bi ordezkarik osatuko dute; betiere, berdintasun planean jasotako parekidetasun irizpideak errespetatuz. Herritarrek ere parte hartuko dute erabakian:
apirilaren 24tik 28ra bitartean bozkatu ahal izango dute www.bergara.eus webgunearen bidez

Lehiaketako obra irabazleak 400 euro balio duten bonuak jasoko ditu, herriko komertzioetan trukatzeko. Udalak saritutako lanaren jabetza eta erabilera eskubideak izango ditu (argitaratu, eraldatu, zabaldu…). Saritu gabe geratutako lanak egileek jaso ahal izango dituzte jaiak hasi eta hilabeteko epean; bestela, Udalak erabilera eskubidea izango du.

Argibideetarako: 943 77 91 59 (Kultura Zerbitzua)