Elgoibar, Bergara eta Soraluze artean kokatzen den Dolmenen Ibilbidean egindako indusketa arkeologikoetan aurkitutako hainbat elementu ikusgai jarriko dira lehen aldiz Bergaran antolatuko den erakusketan. Ekimen honen helburua da eskualdeko ondare megalitikoa herritarrengana gerturatzea eta historiaurreko ondarea balioan jartzea.

Aroztegi aretoan (Barrenkalea, 7) egongo da ikusgai erakusketa, apirilaren 10etik 26ra bitartean. Ekimen honen bidez, sustatzaileek Dolmenen Ibilbidea eskualdeko ondare historiko eta naturalaren erreferentziazko baliabide gisa indartu nahi dute.

Historiaurreko ondarea ezagutzeko ibilbidea
Dolmenen Ibilbidea ibilbide historiko-naturala da, Elgoibar, Bergara eta Soraluze lotzen dituena. Mendiaren gainetik doan bideak historiaurreko aztarnak —dolmenak, tumuluak eta bestelako monumentu megalitikoak— paisaia ikusgarriekin uztartzen ditu.

Ibilbidea behar bezala seinaleztatuta eta markatuta dago, bisitariek monumentu megalitikoak erraz aurkitu eta jarrai ditzaten. Horri esker, naturaz gozatzeko aukera ez ezik, eskualdeko historiaurreko ondarea ezagutzeko aukera ere eskaintzen du Dolmenen Ibilbideak.

Balio handiko aurkikuntza arkeologikoak
Dolmenen Ibilbidean dauden monumentu megalitikoetan egindako indusketek balio handiko aztarnak azaleratu dituzte. Aurkitutako piezek informazio baliotsua ematen dute historiaurreko komunitateen bizimoduari buruz: haien elikaduraz, teknologiari buruz, beste komunitateekin izan zituzten harremanez edota euren ohiturez. Ikerketa-lanen barruan aztertutako material horietako batzuk lehen aldiz erakutsiko dira.

Juantxo Agirre, Aranzadiko Zientzia Elkarteko koordinazio batzarkidearen hitzetan, “erakusketa honekin demostratzen da oraindik dolmenen ibilbidean ikerketarako aukerak badaudela, teknika eta ikuspegi berriak erabiliz. Erakusketan ikusgai dauden material arkeologiko guztiak bertako trikuharrietan aurkitutakoak dira, bai orain dela 100 urteko indusketetan eta baita gaur egunekoetan. Elgoibar, Bergara eta Soraluzeko herriei egin duten esfortzuaren ordain eta eskertza bezala ikusten dugu erakusketa hau”.

Herritarrentzat eta ikasleentzat jarduerak
Aitziber Cortazarrek, Debegesako Turismo eta Garapen Jasangarriko arduradunak azaldu du erakusketarekin batera, herritarren eta ikasleen parte-hartzea sustatzeko hainbat jarduera ere antolatu direla. Erakusketa herrietan dagoen bitartean, Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek bisita gidatuen bidez ezagutu ahal izango dute erakusketa. Horrela, ikasleek beren herriko ondarea ezagutzeko aukera izango dute, Dolmenen Ibilbidearen garrantziaz jabetzeko eta ibilbidea bertatik bertara ezagutzeko interesa pizteko.

Bestalde, apirilaren 21ean, arratsaldeko 18:00etan, Bergarako Aroztegi aretoan solasaldi bat egingo da azken urteotan ikerketan parte hartu duten adituekin. Bertan izango dira Miriam Cubas (historiaurreko zeramikaren aditua), Ignacio Montero (arkeometalurgian aditua), Francisco Etxeberria (antropologia fisiko eta forentsean aditua) eta Mónica Ruiz Alonso (ikatza eta hazi karbonizatuen analisian aditua). Ekitaldia irekia eta doakoa izango da.

Gainera, Dolmenen Ibilbidera bisita gidatuak ere antolatu dira martxoaren 21ean eta maiatzaren 2an. Halaber, Dolmenen Ibilbideari buruzko dokumental baten ekoizpenean ere ari dira lanean.

Ekintza guztiak doakoak dira eta egitarauari buruzko xehetasun guztiak Debabarrena Turismoko webgunean kontsulta daitezke: https://debabarrenaturismo.com/eu/ondarea/dolmenen-ibilbidea/

Erakusketa Bergarako, Elgoibarko eta Soraluzeko udalen babesarekin antolatu da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak urtez urte lagundu du ikerketa proiektua diruz. Antolatzaileek, halaber, eskerrak eman nahi izan dizkiete Gordailuri, material arkeologikoen arduraduna den aldetik, eta Eusko Jaurlaritzari, piezen irteera baimentzeagatik.