webmaster-k Og, 2026-04-16 10:03-n bidalia
Datorren apirilaren 21ean, asteartea, 18:00etan, Bergarako Aroztegi Aretoan solasaldi berezia izango da Dolmenen Ibilbidea proiektuan parte hartu duten ikerlariekin. Jardunaldiaren helburua nagusia Dolmenen ibilbidean egindako aurkikuntzetatik abiatuta zientzia herritarrei hurbiltzea da. Ikerlariak ze ondorioetara iritsi diren partekatuko da eta historiaurreko komunitateen inguruko bitxikeriak gerturatuko dira.
“Dolmenen Ibilbidea” proiektua 2012an jarri zen martxan, Bergarako, Elgoibarko eta Soraluzeko Udalen, Debegesaren, Debemen eta Aranzadi Zientzia Elkartearen lankidetzari esker. Urteetan zehar GFAko eta EJ diru laguntzak ere jaso dira, ibilbidea balioan ipin eta indusketak egin ahal izateko. Ekimenak ikerketa zientifikoa eta dibulgazioa uztartzen ditu, eta azken hamarkadan egindako lanari esker, Elosua-Plazentzia inguruko ondare megalitikoari buruzko ezagutza nabarmen handitu da.
Jardunaldiak, gainera, une berezia du testuinguru: Gordailuan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ondare Bildumen Zentroan, urte luzez kontserbatutako piezak lehen aldiz jendaurrean erakustea mugarri garrantzitsua izan da Elgoibar, Soraluze eta Bergararentzat. Izan ere, nahiz eta eremu hau 1921ean aurkitu zuten Telesforo Aranzadik eta bere kideek, 2012tik gaur egunera arte egindako indusketek datu berriak eta esanguratsuak ekarri dituzte.
Dolmenen Ibilbidean aztertutako monumentu megalitikoetan egindako lanek balio handiko aztarnak azaleratu dituzte. Aurkitutako piezek historiaurreko komunitateen bizimoduari buruzko informazio zehatza eskaintzen dute: elikadura, teknologia, beste komunitateekin izandako harremanak edota ohitura eta sinesmenak ezagutzeko aukera ematen dute.
Solasaldian lau adituk hartuko dute parte, bakoitza bere espezialitatearekin: Miriam Cubas (historiaurreko zeramika), Ignacio Montero (arkeometalurgia), Francisco Etxeberria (antropologia fisiko eta forentsea) eta Mónica Ruiz Alonso (ikatza eta hazi karbonizatuen analisia).
Topaketan zehar, ikuspegi zientifiko eta diziplina anitzetik, iraganeko paisaia, eguneroko bizitza, teknologia, heriotzaren inguruko errituak eta ikerketa-prozesuak landuko dira. Adituek azalduko dute nola erabiltzen dituzten mikroskopioak, X izpiak eta analisi kimikoak milaka urteko aztarnei “hitz eginarazteko”, eta nola osatzen duten elkarrekin historiaurreko puzzle konplexua.
Ekitaldia irekia da, doakoa eta interesa duen orok izango du bertaratzeko aukera.
