Bergarako Udalak, herriko eragile desberdinekin elkarlanean, 2026ko Udakikuka aurkeztu du ostegun honetan: uda honetan haur eta nerabeei zuzendutako udaleku irekien, kirol kanpusaren eta Laboratorium Museoaren eskaintza bereziaren multzoa. Aisialdi hezitzailearen bidez, euskarazko giroan, balioetan oinarritutako eta kalitatezko eskaintza bermatzea nahi dute antolatzaileek.

Udaleku irekiak: eskaintza zabala:
Udaleku irekiak 2014 eta 2021 urteen artean jaiotako haurrei zuzenduta daude, eta ekainaren 29tik uztailaren 17ra edo 24ra arte egingo dira, aukeratutako aste kopuruaren arabera. Umeek 10:00etatik 13:00etara jarduerak partekatuko dituzte, Bergarako hainbat topagunetan antolatuta, adinaren arabera. Horrez gain, auzoetan ere (Angiozar eta Osintxu) udalekuak eskaintzeko aukera aurreikusi da, gutxieneko taldea osatuz gero.

Kirol kanpusa: jarduera fisikoa eta ohitura osasuntsuak:
2013 eta 2017 artean jaiotako haurrei zuzenduta, Uda Kirol Kanpusa ekainaren 29tik uztailaren 17ra edo 24ra egingo da. Kirol eskaintza zabala izango da: piraguismoa, hockeya, futbola, saskibaloia, irristaketa, natur jarduerak eta ur jolasak, besteak beste.

Laboratorium Museoa: zientzia eta teknologia udan:
Laboratorium Museoaren eskaintzak berrikuntza eta jakinmina jartzen ditu erdigunean. Batetik, udaleku zientifikoak 8 eta 11 urte bitarteko haurrei zuzenduta daude, eta bi astez zientzialarien larruan jartzeko aukera emango diete: astronomia, kimika, biologia eta ingeniaritza landuz, esperimentuen eta erronka praktikoen bidez.

Bestetik, kanpus teknologikoa 12 eta 14 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Aste batez, 3D diseinua eta inprimaketa, mekanika, elektronika eta sormen teknologikoa landuko dituzte, Miguel Altuna zentroaren gidaritzapean.

Izen-ematea eta tarifa soziala:
Izen-ematea apirilaren 20tik maiatzaren 3ra edo 10era arte izango da, eskaintzaren arabera, eta online nahiz aurrez aurre egin ahal izango da. Bergarako Udalak tarifa soziala aplikatzeko aukera mantentzen du, baldintza jakin batzuk betetzen dituzten familientzat, berdintasuna eta inklusioa bermatzeko helburuarekin.