webmaster-k Ar, 2026-07-14 09:44-n bidalia
Bergarako Udalak Artzamendi kalean, 1etik 21era bitarteko atarien parean dagoen ezpondaren garbiketa eta sasitza kentzeko lanak hasi dituela jakinarazi du. Zehazki, mendira ematen duen atzealdean esku hartuko da, goiko trenbidera doan bidearen azpialdean eta aisialdirako gunearen azpialdean dagoen eremuan.
Lanek sasitza kentzea eta eremua desbrozatzea dute helburu, baita bertan dauden zuhaixkak eta tamaina txikiko zuhaitz batzuk moztea ere. Esku hartzea Kimu Bat enpresa espezializatuak egingo du. Lan tekniko eta konplexua izango da, segurtasun neurri bereziak eskatzen dituena, eta motozerrak erabiliko dira landaredia kentzeko.
Proiektuak 15.000 euroko aurrekontua du, eta lanak astelehen honetan, uztailaren 13an, hasi dira. Aurreikuspenen arabera, desbrozatze eta mozketa lanak bi astez luzatuko dira, uztailaren amaierara arte.
Behin moztutako materiala lehortu ondoren, bolumena nabarmen murrizten da eta haren erretiratzea errazagoa izaten da. Horregatik, bildutako materiala kamioi garabi handi baten laguntzaz aterako da eremutik. Lan horiek abuztuko bigarren eta hirugarren asteetan egitea aurreikusten da.
Kamioi garabia kokatu eta lanak segurtasunez egin ahal izateko, hainbat une eta gunetan aparkaleku erreserbak egin beharko dira, batez ere etxebizitza blokeen inguruan. Erreserba horien berri aldez aurretik emango da.
Udalak herritarren ulermena eta pazientzia eskertu nahi ditu lanek iraun bitartean sor daitezkeen eragozpenen aurrean. Era berean, edozein zalantza, iradokizun edo kexa izanez gero, herritarrei Udalarekin harremanetan jartzeko eskatzen zaie, lanean ari diren langileei beren jarduna normaltasunez egin dezaten utziz.

