Urtean 10.000 euro inguru bideratzen dira orotariko lehiaketa eta sariketetara.

Tokiko ekonomia bultzatzeko helburuarekin hainbat ekimen dauzka abian Bergarako Udalak, tartean, Berelan foroa, gurean 2. sektorea indartu nahi duena, edota herriko merkatari eta ostalariekin batera sustatutako Bergara Bizi.

Bide honetan, kontuan izanik Bergarako Udalak urtero 10.000 euro inguru gastatzen dituela hainbat alorretan (kultura, sozio-ekonomia, kirola...) deitzen dituen lehiaketetako sari-emateetan, sari hauek aberastasuna herrian utz dezaten iniziatiba berria jarriko da martxan: aurrerantzean, lehiaketetan edota orotariko boluntario lanak egiteagatik ematen diren “sariak” herriko komertzioetan kontsumitzeko sari-bono bezala emango dira.

 

Sari-bonoa

Bergarako Udalak sari-bonoak sortu ditu herriko komertzio-guneetan soilik trukatu ahalko direnak.

Sariaren irabazleak bono honekin joan beharko du trukea egin nahi duen tokira.

Dendari edo merkatariak, bonoa hartuta, Udaletxean egin beharko du sari-bonoa dirutan jasotzeko eskaria. Horretarako izen-abizenak, NIF edo Nortasun Agiria eta dirua ingresatzea nahi duen kontu korronteko zenbakia (20 digituak) eman beharko ditu eta datu hauek eta sinadura agertu beharko dira bonoaren atzeko aldean.