Donostia-2016 Europar Hiributzaren eskutik, "Bake itunak" egitasmoaren adarretariko bat Bergarara ere iritsiko da datorren astean: "1808-1813 Inbasio napoleonikoak" izeneko erakusketa ibiltaria, hain zuzen ere.

Bergara toki ezin aproposagoa da horrelako erakusketa batez gozatzeko. Izan ere, gure herria dugu dugu frantses iraultzaren ideien gotorlekua. Euskal ilustrazioaren egoitza nagusienetariko bat, Bergarako Mintegia, horren adibide dugu. Ikerketa, hezkuntza, ideia politikoak, ideia ekonomikoak, Europarekin lotura… bertan biltzen dira. Edonola ere, gure lurraldean Napoleonen garaia nola bizi izan zen ulertzeko, Bergara ezinbesteko geralekua da.

Bestalde, bake itunak ditugu bai DSS2016EUko ekimen honen bai erakusketa honen ardatz eta helburuen artean. Gai honetan ere Bergarak badu zer erakutsi. Horregatik, Aroztegiko erakusketa eta Bergarako Besarkadaren oroigarria lotuko ditugu. Era honetan, Erakusketaren edukiak ez ezik, Bergarako ikuspuntua ere azalduko dugu. Horretarako, bisita gidatuak antolatu ditugu. Inbasio napoleonikoak abiapuntu hartuta Bergarako berezitasunak azaltzeko. Iraganeko kontuak gure orainaldiari buruzko hausnarketa bultzatzeko erabiliko ditugu.

Horiek horrela, Aroztegi aretoak hartuko du erakusketa ibiltaria (Tolosan eta Irunen ere egon dena). Bertan, Bergarako Udalarenak diren hainbat material ere badago ikusgai.

Erakusketa bisitatzeko

Erakusketa doan bisitatu ahalko da Aroztegi Aretoan urtarrilaren 29tik martxoaren 2ra:

  • Asteartetik ostiralera: 18.00-20.30
  • Larunbatetan: 12.00-14.00/ 18.00-20.30
  • Igandeetan: 12.00-14.00

Erakusketa, gidarekin zein gidarik gabe ikusi ahalko da, hala ere, gidarekin bisitatu nahi dutenek izena aurrez eman beharko dute: dzapirain@bergara.eus helbidera idatzita edo 943 77 91 50 telefono zenbakira deituta.

Euskarazko bisita gidatuak zapatu arratsaldean izango dira; gaztelerazkoak, domeka goizean.