• 2014rako aurrekontu osoa 21.571.651,00 eurokoa izango da.

Igaro diren bi urteotan gure Udalaren gastuak kontrolatzeko eta murrizteko ahalegin handia egin dugu Bergarako Udalean eta horri esker, 2013an gerakin garrantzitsua izatea espero dugu. Honen bitartez eta hainbat gastu murriztuta, 2014ra begira gure herriko garapena eta inbertsioak sustatzera iaz baino 2.427.000 gehiago bideratu ahalko dugu; hori bai: inbertsio berriok oinarrizko beharrak asetzera eta gure herriko azpiegiturak egokitzera eta berrerabiltzera bideratuko ditugu behinik behin, beharrezkoak ez diren eraikuntza lanak eta gastuak ekidinda.

Hala ere, beti bezala, gure herritarren ongizatea eta bizi-kalitatea mantentzea izango dira 2014ko aurrekontuen ardatz eta helburu nagusiak.

Jarraian informazio hauek aurkituko dituzu:

 

2014an indartuko diren alorrak: GARAPENA ETA INBERTSIOAK

Lortutako aurrezpenei eta aurrekontuan aurreikusitako igoera Bergarako garapenera eta inbertsioak sustatzera bideratuko dira. Alor hauetan eragingo da, behinik behin:

GARAPENA

  • Enplegu sustapenera bideratutako diruak eta giza-baliabideak areagotuko dira:
    • Teknikari bat jardun osoz bideratuko da garapena sustapenerako lanetara.
    •  12 Langabetu kontratatuko ditu Udalak.
    • Enplegua sustatzeko kanpo kontratazio eta jarduera berriak aurreikusi dira 83.000 euroko balioarekin (2013an baino 40.000 euro gehiago). Era berean, gazte ekintzailetasuna bultzatzeko 15.000 euro jarriko ditu. Merkataritzarako 25.000 euro, bigarren sektorea bultzatzeko hainbat proiektutarako 30.000 euro, Azoka biziberritzeko eta lehen sektorea indartzeko 15.000 euro bideratuko dira eta Hiltegira 31.000 euro (%105 gehiago).
    • Mankomunitateari ere, enplegua sustatzeko programak bultzatzeko iaz baino 90.000 euro gehiago emango zaizkio, 131.000 euro guztira.
  • Turismoari bultzada emango zaio, herrian aberastasuna garatzeko: Turismoa bultzatzeko errege seminarioko  museoaren irekiera egingo da aurten (behin behineko egoitza Errekalde Jauregian egongo da)
  • Etxebizitza arazoari aurre egiteko neurri berriak jarriko dira martxan:
    • Alokairu soziala eta etxeen eraberritzea bultzatzeko 100.000 euroko partida bat ezarri da. Programa hau IBIaren errekarguarekin lortutako diruarekin bultzatuko da.
    • Etxeak alokairuan  jarri ahal izateko efizientzia energetikoaren txostenak egiteko diru-laguntzak aurreikusten ditugu, baita hobariak edota interes gabeko maileguak eskaintzea ere etxe horiek egokitzeko obrak behar dituzten kasuetarako.
  • Ingurumenaren zaintza eta zero zabor filosofia: hondakin bilketaren alorrean %12ko igoera aurreikusten da (2013an baino 162.000 euro gehiago. Ikusi etxebizitako kostuaren igoera). Hondakinak gaika jasotzeak (4 atal barik 5 frakzio jasotzeak) eragingo du gain-kostua. Edonola ere, azpimarratu nahi dugu, sistemak sistema, gure udalerriarentzat garrantzitsua dela 5. atala jasotzeko ahaleginak ingurumenari egiten dion ekarpen positiboa eta “zero zabor” filosofiara bidean emandako pausua.

joan gora

 

INBERTSIOAK

Inbertsioak egitera bideratu dugu Bergarako aurrekontuaren %11,5. Ekonomian eragin zuzena duen partida izanik, esanguratsua da azpimarratzea 2014an aurreko urtearekiko %40,7 igoko direla inbertsioak (670.000 euro gehiago), guztira 2.427.000 euro. Inbertsio hauek, oro har, beharrezko lanak egitera eta dagoeneko eraikita dagoena egokitzera zein biziberritzera bideratuko dira behinik behin. Helburua da Udalaren, hau da, herritarron, baliabideak zuhurtziaz erabiltzea eta beharrezkoak ez diren eraikuntza berriak ekiditea. Nabarmendu nahi dugu 2013ko altxortegi gerakinak

Hauek dira 2014an zehar egingo diren inbertsioetariko batzuk:

  • Ludoteka berria: 366.000euro. Proiektu honen helburua da gaur egungoa baino zerbitzu zabalagoa eskaintzea eta Azokaren biziberritze proiekturako ardatzetariko bat bezala funtzionatzea. Era berean, Agorrosingo espazio bat berrerabiltzea posible egingo du. Proiektu honetako 115.000 euroko dirulaguntza lortu da Aldunditik.
  • Bergarako Zientziaren Museoa:  70.000+ 200.000.
  • Hainbat hirigintza lan:
    • Mahasterrekako garajeen goia konpondouko da garaje-jabeekin batera. Obrak guztira 253.000 euroko kostua izango du eta Udalak kostuaren %47 hartuko du bere gain. 
    • Mekoladeko zubirako intersekzioa: 629.000 euro bideratuko dira. Lan hau 2013an egitea aurreikusita bazegoen ere, ez zen posible izan.
    • Partettiko bidea konpontzera 98.000 euro bideratuko dira. Baserri bideak eta bide-bazterrak kontuan hartuta 169.000 euro izango dira guztira.
    • Osintxun azterlan sozio-ekonomikoa burutuko da 24.200 euroko kostua izango duena.
    • Herri barruko bidegorri sarea bultzatzeko plana garatzera 30.000 euro bideratuko dira.
    • Auzoetako ekipamendutarako 50.000 (40000euro Osintxura erreka ondoan barandila jarri eta zubia konpontzeko)
    • Labegaraietako jolas gunea egokitzeko lanek 45.000 euroko kostua izango dute. Aurten, 20.000 euro inbertituko dira lanotan.
    • Udalerriko ur-sarean lanak:
      • Sarea berriztatzeko 50.000 euro bideratuko dira
      • Santa marinako ur zikinak sarera bideratzeko 70.000 euro
    • Herri osoko irisgarritasun plana garatzera 17.500 euro bideratuko dira. Horrez gain, Udaletxean irisgarritasun arauak betetzeko, eraikin honetako hirugarren solairura igotzeko igogailua jartzeko 40.000 euroko inbertsioa egingo da

joan gora

 

Udal langileak eta politikarien gastuak

Aurten ere, hirugarren urtez jarraian, ezin izango ditu gure langileen soldatak igo Estatuko legediak debekatuta. Ondorioz, udal langileek ere, bailarako langile gehienek bezala, nabarituko dute krisiaren eragina.

Edonola ere, soldaten kapituluak %1,4ko (90.000 euro) igoera izango du 2014an. Igoera honen arrazoi nagusiak dira:

  1. Elkarkidetzako aportazioa egitea ( 60.000 € inguru)
  2. Sustapenerako teknikari bat jarri izana jardun osoz.
  3. Aurrez aipatutako 12 Langabetuen kontratazioa.
  4. San martineko garbitzaileen ordainketa Udalaren esku geratu izana (bertako kudeaketa Udaleratu izanaren ondorioz)

Politikarien gastuei dagokionean, aurrekontu osoaren %1,4 suposatuko dute: 279.307 euro guztira. Hiru lanjardun ordaintzen dira kopuru hauekin ( Alkatearen %100a; Alkate ordearen % 95a; bigarren alkateordearen % 75a; zinegotzi baten %30a. Guztira 3 lanjardun.  

Nabarmentzekoa da orain dela hamar urte baino kopuru txikiagoa gastatzen dela udalean kontzeptu honegatik (281.679 € 2004an eta 278.900 €) eta maximo historikoetara 2006an PNVren legegintzaldiaren garaian iritsi zela, 302.211 €. Ikusi orrialde honetan gastu honen eboluzio historikoa.

joan gora

 

Non lortu dira Inbertsioak ahalbidetzen dituzten aurrezpenak?

Aurtengo aurrekontuak ahalbideratzeko baliabideen kudeaketa zuhurra egin da. Hauek dira, 2014ra begira, hainbat alorretan lortu ditugun aurrezpenak, aurrekontu hauek aurkeztea ahalbidetu dutenak:

  • Uraren erabileran aurreztea lortu dugu: Gipuzkoako Urari ordaindu beharrekoa minimo historikoetara jaistea lortu dugu (100.000 euro gutxiago): Besteak beste, sarean genituen galerak murriztu dira, kontsumo ilegalak galarazi dira eta udal eraikinetan uraren erabilera efizienteagoa bultzatu da.
  • Argiterian kontsumoa era oso esanguratsuan jaitsi da: Argindarraren tarifak igo diren arren, 70.000 euroko jaitsiera aurreikusi da 2013ko datuak aztertuta. Honen atzetik daude, besteak beste, argindarra erosketa zentraletik erostea eta udal argiterian beharrezkoak ez ziren hainbat farola itzaltzea edota beste hainbaten led argiteria jartzea.
  • Udalaren barne funtzionamenduari dagozkion alorretan aurreztea lortu dugu: Horretarako aseguruak erosketa zentralaren bitartez kontratatu dira eta Udal eraikinetan energia eta baliabide kontsumoak murriztea bultzatu da. Lortutako emaitzak esanguratsuak izan dira.
  • Aldundiari dagozkion arduren transferentzia mailakatua egiten hasi gara
    • Honela, Mizpirualde egoitza, esaterako, pixkanaka, Aldundiaren eskumenera igaroz joango da (hala baitagokio). Honek ere badu bere eragin ekonomikoa, izan ere, Aldundiarekin lortutako akordioei esker Udalak Mizpirualderi eginiko transferentzia 90.000 eurotan murriztu da eta 2014 urtetik aurrera Aldundiak gastuen %25a hartuko du bere gain.
    • Bergarako Udalak eta Aldundiak elkarlanean jarraitzen dugu hurrengo urtetan portzentaje hau handituz joateko, izan ere Aldundiari dagokion eskuduntza da.
    • Eskumen honen transferentzia hain esanguratsua da, ezen, berak bakarrik, ongizatera bideratutako partida osoan %1,2ko jaitsiera suposatzen duen. Hala ere, honek ez du eraginik izango ez zerbitzuaren kalitatean ez Udalak eskaintzen dituen gainontzeko ongizate zerbitzuengan.
  • Udalaren zorra jaistea lortu dugu: legegintzaldiaren hasieratik 2.650.000 €tan murriztu dugu mailegua. 2013 urtean 1. 300.000  € gutxitu da Udalaren zorra ez delako krediturik eskatu. Horri esker  2014 urtean bai interesengatik ordaindu beharrekoa, bai kredituaren amortizazioa jaitsi egin dira (lehena 40.000 euro gutxiago, -%16,8, bigarrena 430.000 euro gutxiago, -%24,4)

joan gora

 

Intereseko hainbat datu

Hondakinak bereizita jasotzearren 2013ko tasekiko konparatiba

  Igoera 2013 2014
Hiruhileko gastua 1,09 € 27,17 € 28,26 €
Urte osokoa 4,36 € 108,65 € 113,04 €

 

Egunerko hainbat zerbitzuren kostua

BERGARAKO FAMILIA BAKOITZAK EGUNEKO EURO BAT BAINO GUTXIAGOATIK ZERBITZU HAUEK JASOTZEN DITU:

  • Ur edangarria (333 Litro)
  • Ur horri dagokion arazketa (garbiketa)
  • Etxeak sortzen duen hondakinen bilketa eta tratamendua

 

Politikarien gastuaren eboluzioa

Urtea

POLITIKARIEN GASTUAK GUZTIRA (euroak)

2004 PNV

281.679

2005 PNV

285.460

2006 PNV

302.211

2007 PNV-ANV

282.635

2008 ANV

186.371

2009 ANV

150.358

2010 ANV

163.690

2011 ANV-Bildu

217.566

2012 Bildu

241.688

2013 Bildu  (aurrekontua)

257.821

2014 Bildu (aurreikuspena)

278.900