Bergarako herritarrek Idazle Eskolak antolatzen dituen modulu eta hitzaldietan parte hartzeko laguntzak izango dituzte 2013-14 ikasturtean.

UNEDeko Idazle Eskola idazten eta ozenki irakurtzen trebatzeko ikastaro laburrak eskaintzen ari da 2013-14 ikasturtean zehar Bergaran. Eskaintzen diren moduluen artean poesia, nobela, errelatoak edota antzerki landuko dituzte eta baita ozenki irakurtzeko testuen oinarriak ere. Horrez gain, hitzaldiak ere izango dira.

Bai moduluetan eta bai hitzaldietan parte hartzeko interesa duten bergararrek diru-laguntzak izango dituzte Bergarako Udalaren eskutik. Laguntza matrikularen %75era artekoa izan liteke lana dutenen artean eta %100era artekoa ikasle eta langabeen kasuan. Laguntzoi buruzko informazio zehatzagoa dago orrialde honetan eta  Udaleko  Euskara Zerbitzura jota ere lor daiteke

 

Idazle eskolari buruzko informazio gehiago

Moduluotan irakasle jardungo dute zenbait idazle eta aktore ezagunek, besteak beste, Tere Irastortzak, Karmele Jaiok, Edorta Jimenezek, Unai Elorriagak, Miren Juaristik, Jon Garañok eta Xabi Lopezek.

Bestalde, hilean behin, idazle edo kultura-sortzaile baten hitzaldia izaten da, “IDAZLEAK IRAKURLE” mintegietan. 2014an  LITERATURA eta ZINEA Izango da hizpide, eta bertan hainbat filme ikusi eta oinarrian izan diren  gidoilari eta idazleekin(Unai Elorriaga, Karmele Jaio, Jon Garaño eta Miren Juaristirekin) hitzaldi sorta burutuko da.

Idazle eskolak duen eskaintzaren gaineko informazio osoa honako helbidean lor daiteke: http://www.idazten.com/index.php/formakuntza