Iniziatiba honekin ekonomia soziala eta finantza erakundeen jardun etikoa bultzatzen parte aktibo izan nahi du Bergarako Udalak.

Bergarako Udalak hitzarmena sinatu du Fiare erakundearekin azken honi banka etikoko proiektu kooperatiboa garatzen laguntzeko. Helburu horrekin Bergarako Udala Fiareren bazkide egin da 1.800 euroko ekarpena eginda.

Ekimen honen bitartez, aurrezkiak ekonomia soziala eta lankidetza bultzatzera bideratzea helburu duen finantza-erakunde eredua bultzatzen lagundu nahi du Bergarako Udalak, gizarte justuago baterako bidea eginez.

Fiare oraindik ere osatzen ari den proiektua bada ere, martxan denean, bazkide izateaz gain bezero ere izatea da Bergarako Udalaren asmoa. Horretarako Fiaren kontu korronte bat irekitzea eta, dagokionean, diru-maileguak bertan kontratatzea aurreikusten du, besteak beste.

Bergarako Udalak 2013 urtean hartu zuen erabakia Fiarera kidetzeko eta ordudanik bi erakundeak elkarrekin hartu-emanetan izan dira martxoaren 5ean sinatu duten akordioan islatzen diren baldintzak adosteko.