Datorren maiatzaren 10erako Bergara Bizi Lehen Moda Erakustaldia antolatu dute Bergara Bizi ekimenaren baitako hainbat denda eta komertziok. Izenak dioen bezala Bergaran dagoen moda eskaintzaren eskaparate bizi bat antolatuko da, San Martin plazan 10 metroko pasarela jarrita. Bertan, gure herriko dendetan eta komertzioetan aurki daitekeen eskaintza zabala hartu eta kalera aterako dute herriko 30 bat denda eta komertziok. 
 
Moda Erakustaldiaren ekimen nagusia moda desfilea izango da, arratsaldeko 18etan izango dena.
 
45 modelo inguru izango dira pasarela gainean desfilatzen (guztiak boluntarioak eta herrikoak) eta Bergarako komertzioren eskaintza erakutsiko dute: arropak, zapatak eta apaingarriak; emakumezkoentzako, gizonezkoentzako zein haurrentzako. Horrekin batera orrazkera eta makillaje joerak ere aurkeztuko dira desfilean. 
 
Moda desfileaz gain bestelako ekimenak ere izango dira maiatzaren 10ean bertan: Zozketa, lehiaketa eta atsedenaldian egingo den musika emanalditxo bat.
  • Zozketarako, maiatzaren 2tik 10era zozketa-txartelak banatuko dira ekimen honetan parte hartzen duten denda eta komertzioetan erostean. Maiatzaren 10ean zozketa egingo da desfilearen ostean.
  • Egunean bertan argazki lehiaketa bat ere proposatuko dugu: Desfileari edota Erakustaldiari lortutako argazkirik onena bilatuko dugu sare sozialen bidez.

Erakustaldiaren zergatia

Ekimen honekin Bergarako denda eta komertzioen hormak gainditzea eta herriko eskaintza bergararrei hurbiltzea da, Bergara bizia eta eskaintza anitzekoa dela erakustea; eta adin, sexu, gustu eta behar guztientzako moduko eskaintza topatzeko aukera dagoela herrian bertan. 
 
Horregatik, maiatzaren 10ean desfileaz gozatzera gonbidatu diztuzte herritarrak, baita herriko denda eta komertzioetara beldurrik gabe hurbiltzera ere.
 
Bergara Bizi egitasmoa Bedelkarrek, Udalak eta herriko hainbat komertzio, hostalari eta dendarik osatzen dute eta bere helburua da herrian komertzioak duen papera indartzea eta Bergarako eskaintza herritarrei helaraztea.