“Herritarrekin herrira” ekimenaren barruan, gure herrian, bere jaioterrian, izan da gaur Martin Garitano egun osoko bisitan. Diputatu nagusia, udal eta foru ordezkariek lagunduta, Bergarako elkarte eta eragile desberdinen proiektuen eta kezken berri izan du gaur. AHTk Angiozarren egindako kalteak direla eta, herriko hainbat bizilagunek kezka adierazi dute. Kezkak eta arazoak ez ezik, Oxirondo Azokarako dituzten egitasmo berriak eta bertako enpresak elkarlanean aritzeko sortu duten lantaldea ere ezagutu ditu Garitanok. Osintxu auzoan, ostera, jatorri desberdinen kolektiboek bizi duten egoera ekonomiko txarraz eta horrek auzoan duen eraginaz kezkatuta daude.



Ondo ezagutzen du Martin Garitanok Bergara, bere jaioterria baita. Hala ere, gaurko bisitan beste ikuspegi batetik ezagutzeko aukera izan du, Gipuzkoako diputatu nagusi bezala etorri baita herriko proiektuak ezagutzera eta eragileekin biltzera.

Goizean, udal korporazio eta langileekin bildu da udaletxean, eta topaketa horren ostean, “Azoka Bergaratzen” ekimena hurbiletik ezagutzera joan da.

Azoka atzean utzita, Migel Altuna institutura joan dira foru ordezkariak Enpresare ekimena ezagutzera. Lantalde horretan batzen dira Bergarako Udaleko, inguruko enpresetako eta hezkuntza alorreko ordezkariak, baita Debagoieneko Mankomunitatekoak ere. Enpresareren xede nagusiak dira Bergararen inguruko enpresetan, lehiakorragoak izateko, hausnarketa estrategikoak bultzatzea eta nazioartekotzea lantzea. Lantaldeak laguntza eta aholkularitza eskaintzen die enpresa txikiei haien bideak jorratzeko.

Migel Altuna Institutuan bertan, ikastetxe horretako arduradunekin ere bildu da Martin Garitano. Ondoren, ikasleekin topaketa ere izan dute foru ordezkariek.

Arratsaldean, trafiko arazoak sortzen dituzten guneak eta Abiadura Handiko Trenaren (AHT) lanak Angiozarko auzoan eragiten ari diren kalteak ikusi dituzte foru ordezkariek. Auzo horretako bizilagunek Martin Garitanori azaldu diotenez, lan horiek txikizio garrantzitsuak sortzen ari dira auzoan.

Mekolalde auzoan geldialdia egin ondoren, Osintxu auzora abiatu dira. Bertako bizilagunek kezka azaldu dute jatorri desberdinetako kolektiboek bizi duten egoera ekonomiko txarra ondorioak izaten ari delako auzotarren elkarbizitzan.

Handik udaletxera itzuliko dira udal eta foru ordezkariak, bertan herriko kultura eragileekin biltzeko.

Bisita amaitzeko bilera irekia izango da udalbatzar aretoan. Bertan, bergararrek haien iritziak eta galderaku Aldundiko ordezkariei helarazteko aukera izango dute.

Martin garitano Bergaran