Zikinkeria ohiko arazoa eta kexa iturria izaten da Bergarako herritarren artean. Animalien gorotzak direla, lurrera botatako objektu eta hondakinak direla… bergararren elkarbizitzan eragiten duen  alorra da.
 
Zikinkeriak, gainera, gure herriaren paisaiari ere eragiten dio, inguru garbi eta atsegin batez herritar guztiok gozatzeko daukagun eskubidea urratuta.  

“Garbiena… zikintzen ez duena!” 

Herriaren zaintza eta garbi mantentzearen ardura guztiona delako eta, neurri handi batean, banakoon jarreretan eraginda lor daitekeelako, problematika honen inguruko gogoeta eta ekintza multzoa bideratu nahi ditu Udalak. Horretarako, “Garbiena… zikintzen ez duena!” kanpaina jarriko du abian, zeinaren helburua den herria txukunago mantentzeko ideiak biltzea eta horiek oinarri hartuta ekintzak diseinatzea.
 
Helburu honekin, egun, herriko hainbat eragilerekin bilerak egiten ari da Udala guztion artean  arazoak eta ekiteko alorrak identifikatu ahal izateko. 
 
Honekin batera, herritarrei ere luzatu nahi die deia euren ekarpenak egiteko. Horretarako Udalarekin harremanetako ohiko bideak erabil ditzakete (esaterako argazkiak edota proposamenak bidalita herritarrenpostontzia@bergara.eus; Twitter @BergarakoUdala; Facebook@Bergarako_Udala; Udaletxeko telefonora deituta edota leihatilan bertan).  
 

Hainbat ekimen

Orain arte egindako gogoetetan, batez ere, ekin beharreko ondoko eremuak detektatu dira:
  • Lurrera botatzen diren bildukin eta objektuak
  • Animalien (bereziki txakurren) gorotzak
  • Natura inguruetan uzten diren hondakinak
  • Zintzilikarioen inguruan, lurrean, uzten diren zabor poltsak
  • Kartelak eta bestelakoak
Horietan guztietan ekiteko sentsibilizazio bideak eta ideiak bideratu nahi ditu Udalak herritarrekin eta bestelako eragileekin batera.