Azken urteetan Osintxuko biztanleen artean jatorriz beste herrialde batzuetakoak diren herritarren kopuruak gora egin duela eta, auzo honetako elkarbizitzaren inguruan kezka berezia sortu da Osintxun. Horri aurre egiteko, Bergarako Udalak eta Osintxuko Herri Batzarrak koordinatuta, jatorriz osintxuar direnen eta kanpotik etorritako herritarren arteko elkarbizitza lantzeko taldea sortu dute. 
 
Maiatzetik bilerak egiten aritu izan da kultur-anitz hau eta bertatik ondorio nagusi bat atera dute parte hartzaileek: talde desberdinek elkarrenganako dituzten aurreiritziek eta beldurrek elkarren arteko ezagutza oztopatzen dute. Horri aurre egiteko, elkarrekin egiteko ekintzak bideratzeko erabakia hartu da lantaldean. 

Ekintza plana

Honela, elkar-ezagutza eta elkarbizitza lantzeko sortutako lantaldeak ekintza-plana prestatu zuen, dagoeneko gauzatzen hasia dena: San Juan bezperan Senegalgo doinu eta dantzak izan zituzten plazan suarekin batera. Aurrera begira, besteak beste, hainbat herrialdetako jaki dastaketa egingo dute jaietan eta Berbalagun tankerako ekimen bat martxan jartzeko asmoa dute. 
 
Ekimenari jarraipena egiteko, hiru hilean behin bileral egingo dituzte Udalarekin.