Urtebete igaro da dagoeneko Bergarako Laboratorium museoa zabaldu zela. Ibilbide honetan, zientzia hedatzeko hainbat ekimen burutu dira. Ibilbide labur baina ederra izan da. Orain, ordea, beste aurrerapauso bat eman du eta Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikorako Katedrarekin urtebeterako elkarlana adostu dute.

Elkarlan honi esker, Laboratorium museoaren hedapen zabalagoa egin ahal izango dugu. Honela, “Cuaderno de Cultura Científica” eta “Zientzia kaiera” blogetan hileroko kolaborazioa izango du Laboratoriumek. EHUko Kultura Zientifikorako Katedrak duen garrantzia eta zabalpena nabarmendu behar ditugu; izan ere, urtero milioi bat erabiltzailetik gora izaten ditu bere blogetan. Aukera bikaina izango da, beraz, Bergarako Laboratorium museoa mundu mailako zientzia arloan ezagunagoa egiteko.

Lehenbiziko elkarlan honen pausoak eman dira dagoeneko. Hala, 2016ko urrian “Zientzialari” bideo sortako baten parte hartu zuen Bergarako Laboratorium museoak (http://zientziakaiera.eus/). "Cuaderno de Cultura Científica" blogeko lehen idatzia urtarrilaren 15ean argitaratu zen (http://culturacientifica.com/), eta azkenik, Zientzia Kaiera blogeko lehen kolaborazioa hurrengo egunetan argitaratuko da.

Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikorako Katedrak zientziaren ezagutza handitzeko eta zientzia gizarteratzeko antolatzen dituen jardueren artean berebiziko garrantzia dute argitalpen digitalak: Blogak (Cuaderno de Cultura Científica; Mapping Ignorance; Zientzia Kaiera; Mujeres con Ciencia), “Zientzialari” bideoak, etab. (ikus http://zientziakaiera.eus/ ).

Blog bakoitzeko kolaborazioak ezaugarri propioak izango ditu:

  • Zientzia kaiera (http://zientziakaiera.eus/): Laboratorium museoko zientzia-bildumako aleetan oinarritutako dibulgazioa egingo da. Pieza jakin bat aitzakia izango da pieza bera ezagutu bai, baina gainera, zientziaren arlo bat, printzipio bat edota pertsonaia bat hobeto ezagutzeko. Zientzia, bilduma eta museoen arteko loturak ere landuko ditu. Blog honetan, museoaren aurkezpenarekin batera, “Tigre bat eskaparate batean” eta “Wolframioa, elementu baliotsua oraindik ere” izeneko artikuluak izango dira lehenak.
  • Cuaderno de Cultura Científica (http://culturacientifica.com/): Kasu honetan Bergarako Errege Seminarioa izango da ardatza, zientziaren inguruko historia bat kontatzeko. Zientziaren historiak pisu berezia izango du arlo honetan. Blog honetan, museoaren aurkezpenarekin batera, “La ciencia al rescate del País” eta “El descubrimiento de un nuevo elemento” eta “Quién financió la ciencia” izango dira lehen sarrerak.