Kokapena

Bergaratik 4'761 kilometrora. Gipuzkoako mendebaldeko azken herri-gunea. Nekazal ingurua baldin bada ere, kale-guneak garrantzi handia hartu du. Bizkaia, Arrasate eta Elgetarekin egiten du muga. Mendixka baten hegaletan kokatua dago. Etxe asko aldapan daude, eta guztien zaindari, San Migel parrokia.

Historia

1927ra arte Elgetaren menpe egon zen. Urte askotako tramitazioaren ondoren, Elgetak utzi eta Bergararen menpe jarri ziren, harreman gehiago eta lana topatzeko aukera gehiago baitzituzten hemen.

Auzo barnean ere auzune ugari daude, eta guztietan ermita bat: Azkunetako San Martin, Marindaoko Elexamendi, Partaitti edo Partegoitiko San Bizenti, Asentziomendiko Asentzio, Zabaletamendiko San Bartolome, Goimendiko San Migel.

Elexamendikoa izan zen Angiozarko lehenengo Parrokia, Euskal Herriko zaharrenetakoa.

Monumentuak

Angiozarko lautada eta mendixketan zabalduta daude etxeak. Elizak eta ermitak dira arkitektura aldetik interesgarrienak, batzuk oso ondo zainduta eta beste batzuk, berriz, nahiko hondatuta daude.

Azkunetako San Martin

Bergaratik Angiozarrerako galtzara jarraituz gero, Azkunetako auzora heldu eta Tours-eko San Martinen ermita aurkituko duzu. Laukizuzen erakoa eta bi isuritako teilatua. Barrualde guztia egurrez estalita dago, burualdea izan ezik, hau margotuta dago. Aldare buruan San Martinen irudia, Ebanjelioaren ondoan San Roke, eta Epistola ondoan San Sebastian. Teilatuan harrizko kanpandorretxoa, eta gainaldean kanpaidun gurutzea.

San Migel Goiangeruaren parrokia

Angiozarreko kalean dago. XVI. mendean eraikia, berpizkunde garaikoa bera, baina XVII. mendeko barroko tankerako Dorrea. Hiru zabalgunedun nabea, eta zortzialdeko absidea. Gurutze erako ganga, eta guztia erlatxetan oinarritutako erdi-puntuko arkuen gainean. Dorre karratua elizaren barrenean. Dorrea hasten den tokian hasten da arkupea ere, eta aurrealde eta aldamenean ere jarraitzen du, bide ondoan euskarri bezala egindako hormaren gainean. Plateresko tankerako ateondoa oso interesgarria da.

Partaitti edo Partegoitiako San Bizenti

Angiozarretik bi kilometrora dago, mendebaldean, eta handik auzo osoa ikus daiteke. XVI. mendekoa. Sarrerako atean, higadura dela eta, oso gaizki irakurtzen den idatzitxo bat. Badirudi Irigoyen 1580 urtea jartzen duela. Laukizuzen erakoa. Arkupeduna. Kanpandorretxoa ere bai. Barruan, Amabirjinaren berpizkunde garaiko irudi bat, eta San Bizentiren beste bat.

San Bizenti egunean, meza ondoren arkupera irteten dira, eta abadeak araoketa eta otoitz batzuk egin ondoren ura bedeinkatzen du, gero zelaiak garaztu eta etxe eta ganaduaren asketara eramateko.

Ermitaren ondoan, aurrealdean, erdi erorita dagoen baserri bat, garai batean frailetxe edo zigor eta dolu-toki izandakoa. Harrezkero kanposantutarako ere erabili zela uste da. Hori pentsatzeko bidea ematen dute, behintzat 1970ean bidea konpontzen ari zirela aurkitu zituzten hezur ugariek. Hezurrok zirela eta, lurrok gehiago aztertu ezinda geratu ziren.

Elixamendiko Amabirjina

Angiozarreko kaletik Elgetaruntz garamatzan bidearen ondoan dago ermita hau. Bularreko umedun Amabirjina gurtzen da bertan, eta haurdunaldiaz edo umeen hizketarako arazoez arduratuta zeuden ama asko hurbiltzen ziren. Garai batean, ostalari batzuk dohainik eskaintzen zieten jan-edana bertaratzen ziren erromesei. Orain ere urtean behin meza berezi bat ematen da, eta familia asko hurbiltzen dira, umeak bedeinkatu, kandela ipini eta emakume askok erditze onak izatea eskatzen dute. Baserri batzuk ia erorian baldin badaude ere, 4 famili behintzat bizi dira, eta urtean batek hartzen du ermitako giltzaren ardura.

Nekazal tankerako elizatxoa da, nabe bakarra eta egurrezko sapaia, erlatxetan oinarritutako karnepel erako arkua osatuz.

Udaiagoko Jaunaren Igokundea

Angiozartik Elgetarako bidean, Elexamendi pasatu eta berehala dago ermita hau. Bergara eta Elgetaren arteko mugan. Atsedena hartzeko toki aproposa. Dagoen lekua dela eta, behin eta berriz suntsitu dute, bai ekaitzek eta baita gerlek ere, eta beti berreraiki da. Alde ezberdindun oinarria dauka, eta hiru isuritako teilatua. Bi zutabetan oinarritutako hiru arkodun arkupea. Eta gainaldean harrizko kanpandorrea, kanpaia zintzilikatzeko arku batez.

San Bartolome

Kanpazarrerako bidean daude Zabaleta baserriak, hauen ondoan Lamarain baserria eta hortxe gure ermita. Alde ezberdinduna, hiru isuritako teilatua, harrizko kanpandorrea eta gainean gurutzea, eta kanpaia zintzilikatzeko arku bat. Egurrezko egitura duen arkupea eta hortxe sarrera. Ale buruan idazkitxo hau: "San Bartolome ermita, 1971n berritua". Barrualdean borobil erdiko absidea eta saietera antzeko leihotxoa.

Goimendiko San Migel

Kanpazar gainetik pare bat kilometrotara dago, Gorontsarri izeneko baserri eta megalito garaiko hilobiaren ondoan. Laukizuzen erakoa, bi isuritako teilatua eta harrizko horma zurituak. Orain dela gutxi berritu zen, Kanpazarko zelaiak atseden-tokitarako bezala egokitzen ibili zirenean.

Itxitako arkupe txiki bat dauka sarreran, eta barrualdean barroko estiloko San Migel Goiangeruaren irudia. Kanpoaldean bi zurkaitz: bata burualdean eta bestea epistolan aldean. Kanpandorreak ez dauka kanpairik, baina bai gainean gurutzea.

Ibilbide interesgarriak

Asentziora ibilalditxoa

Angiozartik Elgetarako bide bazterrean dagoen atseden-toki ederra. Elizamendi ermita dagoen Marindao auzoa baino aurrerago. Toki lasaia da, iturri freskoa, mahaiak eta bankuak ere badira, eta baita arrain gorriak dituen putzu bat ere. Erdian Jesusen Goikundearen ermita, eta putzu ondoan Gure-Borda etxea.

Kanpazarrera

Asentziotik Kanpazarrerako bidean arboladi ederrak daude. Aldameneko bidea hartu, eta muino batetan dauden Zabaleta baserrietara helduko zara. Kotxeak han utzi eta zelai eta sastraka batzuetatik pasa ondoren Lamarain baserrira eta San Bartolome ermitara helduko zara. Kondairak dioenez San Andres omen zen inguru guztiaren jabe, eta bera desagertu ondoren ere izen hori ematen zaio. Harrezkero eraiki zen San Bartolomerena.

Bidera bueltatu, eta segi Kanpazarreraino, Goimendiko San Migel ermita ondoraino. Han zelai ederra daukazu, eta baita mahaiak eta bankuak ere, eta ondoan jatetxea, ogitarte edo bazkari ederra jateko aukerak ez zaizkizu falta. Jende asko bertaratzen da, toki bitxia, lasaia eta inguruan ibilaldi politak egin daitezkeelako.

Erroten ibilbidea

Angiozar errekan gora egin, eta bere garaian garrantzizkoak izan ziren hainbat errota ikus ditzakezu. Gaur egun, Jose Migel de Barandiaranek egindako ikerketei esker ezagutzen da beren balio historikoa.

  • Amuskibar: Bergaratik Angiozarrerako bidean, bi kilometrora dago errotaren zurrunba zegoeneko baserria. 200 bat urte izango ditu dirudienez.
  • Salto-Errota: Angiozarko elizatik, erreka ondotik segi eta 1.500 bat metrora dago. 1949an, “Salto-erreka elkartea” izenaz ekin zion lanari, 20 baserrien ehotze-lanak eginaz. Gaur egun deseginda dago.
  • Bolua: deseginda dago. Angiozarko elizatik goruntz jo eta kilometro batera dago, Angiozar errekaren ertzean.
  • Errotabarri: Angiozarko elizaren barrenean, Bolintxo baino 100 metro gorago. 1936an ekin zion lanari, eta 1964an itxi zen. Orain deseginda dago.
  • Bolintxo: aurrekoa baino pixka bat beherago, Bergara alderago. Aintzinako egitura han dago oraindik, baina 1969tik geldituta dago.
  • Aldatxarren: hasieran Osineta deitu omen zen. Bolintxotik 100 bat metrora.
  • Errota: Bolintxotik 500 bat metro beherago. Esaten denez, argindarra egiten zuen, eta horretarako igara izeneko egurrezko gurpil bat erabiltzen omen zuten.
  • Beko-Errota: Erroteaga baserritik 200 metrora. Hasieran argindarra egiteko omen zen, baina 1952an ehotze-lanei ekin zien. Oraindik ere martxan dago nahi duten bazkideentzat.
  • Loidi Bolua: aurrekoaren 88 metrora. 1934ean ireki eta 1952an gelditu zen. Armarridun etxe honek arkitektura aldetik oso interesgarria den egitura dauka.
  • Askasibar Bolua: bere garaian errota izandako baserria. Loidi baserriaren 500 bat metrora.

Pilotalekua

Pilotazaleentzako eta auzo honetaz pilotan ere gozatu nahi dutenentzat Angiozarrek estalitako pilotalekua eta aldagelak ditu.

Argazkia
Argazkia