Enviado por admin en Lun, 2013-05-13 13:06
Bergarako Udalak berdintasunaren aldeko politikak sustatu nahian zenbait programa ditu martxan, eta Bergarako jaietan ere berdintasuna bultzatzeko honako kanpaina berezia prestatu du:
Pegatinak
Pegatinak aterako dira Jaietan ere berdintasunaren alde! leloarekin iazko ekimena indartuz. Jardunek banatuko ditu zapiekin batera. Eta tabernetan, txosnetan eta beste hainbat tokitan ere topatuko dituzu. Pegatina alkandoran, kamisetan, poltsan edo nahiago duzuen tokian, jartzera animatzen zaituztegu eta horrekin zuen ingurukoei berdintasunaren alde zaudetela adieraztera. Arazo hauek ez dira arazo pertsonalak, banakoei gertatutakoak, pribatuak edo intimoak; gizarteko balioetan daude. Denoi eragiten digu honek, eta denon ahalegina eskatzen du aldaketak.
Hainbat gomendio
Jai-giro parekideak izateko festetako programan zenbait gomendio emango dira. Zer da jai –giro parekideak? Emakumeek eta gizonezkoek aukera berdinekin festaz gozatzeko jaiak izatea lortu nahi dugu. Nola?
- Bateragarritasunez: etxeko lanak eta zaintza-lanak etxeko emakume eta gizonezkoen artean partekatuz, denok festaz gozatzeko aukera izan dezagun.
- Emakumeei eta gizonezkoei egozten zaizkien ohiko rolak gaindituz. Ekintza guztietan emakumeek eta gizonezkoek parte hartuz, eta emakumeen edota gizonezkoen papertzat jo izan diren horietan beste generokoek ere parte hartuz.
- Jarrera sexistarik gabe: emakumeak bigarren mailan uzten dituzten jarrera guztiak alde batera lagata (txiste matxistak, emakumea objektu gisa aurkezten duten komentarioak eta ekintzak, erasoak…), eta sexualitate-arrazoiengatik inor gutxietsi gabe (homofobia eta transfobiarik gabe).
- Eraso sexistarik gabe: hitzezko erasorik gabe eta, noski, sexu-erasorik eta eraso fisikorik gabe.
- Erantzukizunez: guztiok dugu erantzukizuna. Beraz, nahiz eta erasoa gure aurka ez izan, guztioi dagokigu horrelako jarrerak errefusatzea. Esan diezaiegun horrelako jarrerei denok, EZ!
- Tabernariei sexu-erasoren baten lekuko izanez gero egoki jokatzeko zenbait proposamen eman nahi dizkizuegu. Nahiz eta, emakumeek erasoak, indarkeria eta sexualitate-arrazoiengatik, urteko edozein unetan jasan, ez dugu ahaztu behar festa guneetan eraso hauek ere gertatzen direla. Datuek horrela erakusten dute.