• San Martzialeko bidean ere 3 farola fotovoltaiko berri jarri dira.
  • 2012 urtean 50.000 euroan jaitsi da argiteriaren kontsumoa.

Energiaren erabilera efizienteagoa eta arduratsuagoa egiteko helburuarekin, Bergarako Udalak udal-argiterian aldaketa berriak egingo ditu aurten ere, udalerri jasangarriagoa lortzeko bideari jarraituz.

2013n egingo diren egokitzapenek Alde Zaharrean izango dute eragina, non egungo 150 wattioko sodiozko bonbillak LED argiekin ordezkatuko diren. LED argiek 50 wattioko potentzia dute eta egunerokoan 40 wattioan edo gutxiagoan( beharren arabera)erregulatuta egongo dira.

LED argien ezaugarria da nahiz eta potentzia txikiagoa izan sodiozko bonbillek haina argitzen dutela. Horrez gain, argiteria-giroak sortzeko aukera eskaintzen dute, hau da, argiaren kolorea egokitzen uzten dute (sodiozkoek ez bezala, zeintzuek berezkoa duten kolore laranjako argia ematea).

Aldaketa honi esker urtean 7.000 euro eta 45.369,5KW/orduko aurreztea espero du Udalak, beti ere, herritarren segurtasunari, herriaren itxurari eta kale-giroari inongo kalterik eragin gabe.

San Martzialen, argiteria fotovoltaikoa

San Martzial auzoko bidean (aparkaleku berrian) ere argiteria egokitzeko hasitako bidetik jarraitu da eta 3 farola fotovoltaiko berri jarri dira 2013n. Ezaguna denez farola fotovoltaikoek eguzkiaren argiarekin funtzionatzen dute, sare elektrikora konektatu gabe. Jarritako hauei beste 3 gehituko zaizkie datorren urtean.

Hurrengo pausoak: etengabeko aldaketa mailakatua

Argiteria publikoaren erabilera efizienteagoa egiteko bidean, aurrera begira, aldaketak egiten jarraitzea aurreikusten du Bergarako Udalak. Hala ere, aldaketok era mailakatuan egingo dira, beti ere, egiten den inbertsioa eta lortzen den abantaila erkatuta eta, noski, teknologia berrien eboluzioa kontuan hartuta.

Azken ezaugarri hau, gainera, bereziki garrantzitsua da, izan ere, etengabe, aurrerapauso garrantzitsuak ari dira izaten argiteria publikoaren alorrean eta teknologia konkretu bati lotuta gastu handiak bat-batean egiteak mugatu egingo luke Udalaren ahalmena merkatuan etengabe sortzen diren produktu berriak barneratzeko.

Aldaketak eginez doazen neurrian Udalak horien berri emango die herritarrei bandoen bitartez, komunikabideen bitartez eta udal web orriaren zein bestelako udal komunikabideen bitartez. Horrez gain, herritarren ekarpenak funtsezkoak izango dira bai egun hartzen diren erabakiak egoki suertatzen diren frogatzeko, bai etorkizunean ekin beharreko eremuak eta zonaldeak definitzeko.

Bergarako udal-argiterian aldaketa: inpaktua zenbakitan

  • Guztira 3.031 farola daude Bergaran, hauetatik 1.200 itzalita daude gaur egun.
  • Ihazko azken lauhileko bataz besteko aurrezkia 10.000 eurokoa izan zen, hala ere abendua izan zen aurrezki handieneko hilabetea: aurreko urtean baino 14.350 euro gutxiago gastatu zelarik (120.300 kilowattio gutxiago).
  • Ihazko abenduan 27.742,17 euro gastatu zen argiterian, 2011ko abenduan 42.068,20 euro.
  • Aurtengo, 2013rako, 270.000 euroko gastua aurreikusi da argiteria publikoaren horniduran.
  • Aurtengo lehen 5 hileetan 90.591,96 euro gastatu dira dagoeneko.