Bergarako Udalak eta Badihardugu elkarteak hitzarmena sinatu dute Bergarako hitanoaren atala “Appa Hi” aplikazioan erabilgarri jartzeko. Gainera, hika sustatzeko asmoz, Euskaraldiarekin HIKALDIA ere bultzatu izan du Bergarako Udalak azkeneko bi ekitaldietan.

Garai batean hika kalean eta etxean hitz egiten ikasten zen, baina gaur egun transmisio hori neurri handian etenda dago Bergaran, eta etxean eta lagun artean hizkera mota hori berez jaso ez dutenei erreminta bat eskaini nahi die Bergarako Udalak.

Hizketa-modu bizia da, konfiantza girokoa eta aberatsa. Gainera, mezuaren hartzailea zein den kontuan hartuta adizki desberdinak erabiltzen dira: “noka” eta “toka”.

Gure herriko hika berreskuratzeko erreminta honek bost asteko ikasketa prozesu bat proposatzen du galdera-erantzun jolasaren bitartez. 35 egunean hitanoaren funtsa ikasteko aukera ematen du egunero pilula bat eginez. Pilula bakoitzean azalpenak, marrazkiak eta bideoak ageri dira, eta ondoren, azalpenekin lotutako galdera-sorta bat dator: partidak. Galdera guztiei zuzen erantzunez gero, hurrengo egunean beste pilula bat egiteko aukera irekitzen da. Bestela, partidak nahi beste aldiz errepikatu daitezke, ondo egin arte.

Astero errepaso bat proposatzen da App-aren bidez, eta maila bat igotzeko aukera. Guztira bost maila dira gainditu beharrekoak, aste bakoitzeko bat. Dena dela, bakoitzak bere erritmora egin dezake prozesua.