Programa bukatuta, ikasleek emakumeez duten irudia hobea da eta ez dute uste emakumeak gizonak baino ahulagoak direnik. Guztira 363 ikaslek, 56 irakaslek eta 55 familiak hartu dute parte.

2011-2012 ikasturtean, Bergarako Udaleko Berdintasun Sailak, herriko emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatzeko onartutako I. Planari jarraituz, eta gazteen artean jarrera sexistak oso nabarmenak zirela ikusita, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Prebentzio Programa jarri zuen martxan Bergarako ikastetxeetan, sexu-heziketa programari lotuta.

Indarkeria mota hau guztiz lotuta dago harreman afektibo-sexualekin eta kontuan hartuz gero Eusko Jaurlaritzak 2010ean atera zuen txostenean ere erakusten dela indarkeria sexista pairatzen duten pertsonen %35 emakume gazteak direla, 18 eta 35 urte bitartekoak, herriko eskoletan programa hau bultzatzea garrantzitsutzat jo zuten Udalak eta hezkuntza hau ematen duen Laia-Nahia enpresak. Programa hau Mariaren Lagundia ikastolan, Aranzadi ikastolan eta Ipintza institutuan egin zen.

Guztira, 363 neska-mutilek, 56 irakaslek eta 55 familiak hartu zuten parte programa honetan. Ikasleak Lehenengo DBHtik hasi eta lehenengo batxilergora artekoak ziren, 12 eta 18 urte bitartekoak eta saio guztiak euskara hutsean eman ziren.

Burututako galdeketetan beraien bizitzarako oso erabilgarri zela iritzi zion ikasleen gehiengo zabalak eta egokitzat jo zuten programa (bai edukiei eta metodologiari dagokienean, bai irakasle lanetan aritutako profesionalei dagokienean). Horrez gain, parte-hartze maila altua izan zen eta ikasleak pozik agertu ziren saio hauek jasotzeagatik.

Ondorio positiboak eta agerikoak

Programaren eraginkortasunari dagokionez, burututako saioei esker gazteen sinismen sexista batzuk aldatzea lortu dela ikusi da. Honela, esaterako, ikasleek, orokorrean, emakumeekiko jarrera hobea dutela ikusi da; hau da, programaren bukatuta gutxiagok pentsatzen dute emakumeek sexismoaren arazoa gehiegitzen dutenik, emakumeak orokorrean sexu-erakarpenaren bitartez gizonak manipulatzen eta kontrolatzen dituztenik, edo/eta feminismoaren helburua gizonak emakumeen menpe jartzea denik.

Bestalde, jarrera kritikoagoa azaldu dute emakumeak ohiko roletan mantenduz gero jasotzen dituzten mezu positiboen erabilkeriaren aurrean. Era berean, kritikoagoak dira nesken desioa bikoteak zaindua eta babestua izatearen ideiaren aurrean, hots, ez dute uste emakumeak ahulagoak direnik.

Ondorio positiboak nabarmenak badira ere, indarkeria sexistarekin bukatzeko eta orain arte lana benetan eraginkorra izateko, lanean bide honetan lanean jarraitzea garrantzitsua izango da.