Monumentuaren argazkia

Parrokia honen inguruan jaio zen Bergara hiria XIII. mendean. Gaur egun ikusten dugun eliza XVI. mendean zehar eta XVII. mendearen lehenengo urteetan eraiki zen, antzinagoko baten arrastoen gainean. Kanpandorrea berriz (garaia, liraina eta dotorea dena) barrokoa dugu eta 1742 urtean amaitu zuten. Parrokiaren barruan, lehenik aldare nagusiko erretaulan erreparatuko dugu. XVI. mendekoa eta Plateresko estilokoa. Halaber, hiru zatitan banatzen da:

  • Kalbarioa aurkezten digu gailurrean.
  • Erdiko hiru gorputzetan Kristoren Pasioko eszenak, santuak eta apostoluak.
  • Predelean edo beheko partean, lau Ebanjelarien irudiak.

Interesgarria da oso elizaren eskuineko nabean dagoen pintura lana, Artzainen Gurtzapena deitzen dena. Koadro honetan Jesus Haurtxoa ikusten dugu, bere ama Mariak besoetan hartu eta errespetu eta apaltasunez betetako artzainei aurkezten dienean. Arte-lanaren elementurik garrantzitsuena argia da, honen bidez antolatu duelako artistak eszena guztia, Jesus argi iturri nagusi bihurtzerakoan bere inguruko gainontzeko pertsonajeak kokatu eta graduatzen baitira argilunaren efektoaren bitartez.

Ezin dugu bisitatu gabe laga San Pedro parrokian Santo Kristo Hilzorikoaren kapera, korupean eta Ebanjelioaren aldean aurkitzen dena. Santo Kristo Hilzorikoa Juan de Mesa eskulturgile andaluziarraren obra dugu, Juan Pérez de Irazabal bergararrak, erregearen kontu-eramailea zenak, 1622.ean irudi hau lantzeko agindua eman zionean sortutakoa.

Lau urte beranduago, 1626an, Pérez de Irazabalek Gurutziltzatuaren irudia bere jaioterrira, Bergarara bidaltzea erabaki zuen eta ordutik hona orain ikusten dugun leku honetan gurtzen da.

XVII. mendeko eskultura eskola sebillarreko maisurik bikainenetakoa da Juan de Mesa eta bere eskuek gauzatutako Bergarako Kristoa, Barroko garaiak Europan eman duen eskultura-lanik gorenetakoa da aditu eta kritikari askoren ustetan. Anatomi aldetiko zehaztasunak, gorputzaren mugimenduak, formen perfekzioa eta Jesusen aurpegiaren sentimenduak helarazten digun inpresio hunkigarriak, erabateko maisu-lanaren aurrean gaudela baiezten digute.