Heriotza: 
1 566

Andres Martinez Ondartza Uzarraga XV. mendearen azken herenean jaio zen Bergaran. Entzute handiko gizona izan zen eta, horren ondorioz, leku nabarmena du Bergarako seme gailenen artean. Gaztelara joan zen Fernando Katolikoarentzat lan egitera, eta bere idazkaria izan zen 53 urtez. Felipe I.aren ikuskari eta kontularia eta Karlos V.a enperadorearen kontularia izan zen haren errege-etxean. Kontulari lanetan kontu-liburuen eta ogasunaren ardura zuen Ondartzak. 1535ean Santiagoren Ordenako abitua jantzi zuen, eta Ordena horren babesa izan zuen. Bestalde, Calatravaren Ordenak Jose Gabiria Jauregiri buruz egindako espedientean deklaratu zuen lekuko batek adierazi zuenez, komendadorea "Santiago Ordenako zaldunen arteko lehen gipuzkoarra" izan omen zen.

Errege-erreginek Oñatiko Bidaurreta komentu bikaina (frantziskotar mojena) egiteko eskatu zioten, eta Ebanjelioaren aldean dagoen lehen kapera hari eskaini zioten ordainetan. Era berean, Bergarako Trinitate elizako komentua (frantziskotar mojena) fundatu zuen.

Karlos V.ak eta bere amak, Juanak, zegokion ahalmena eman ziotenean, bere etxearen maiorazkoa eratu zuen. Ahalmen hori 1536ko abenduaren 12an eman zioten Valladoliden, eta Juan Vazquez Molina Ganberako idazkariak berretsi zuen. Maiorazkoan Bergarako Errebal kalean zituen etxeak eta gainerako jabetza eta baratzeak bildu zituen. Halaber, Bergarako sutearen ondoren egindako hobekuntzak, bere aitona San Juan Uzarragarengandik oinordetzan jasotako aldameneko baratzea eta Pedro Perez Arostegiren oinordekoei erositako lursail bat ere maiorazkoari gehitu zizkion. Maiorazkoko gorabeherei esker, jakin dugu bere etxearen atzealdeko gune eta pasabide batzuek bat egiten zutela San Pedro parrokiarekin. Azkenik, Malatua eta Amilaga baserriak ere maiorazkoan sartu zituen.

Komendadoreak eta bere emazte Magdalena Araozek 1566ko irailaren 13an egindako testamentuan zehazten denez, komendadorea Maria Perez Azkaraterekin ezkonduta egon zen lehenago, baina ez zuten seme-alabarik izan eta emaztea ezkondu eta urtebetera hil zen. Era berean, ezkontzatik kanpo izandako seme bat aipatzen du, Peru Martinez Ondartza izenekoa. Bere seme Peru Ondartza Araozi ezkontzatik kanpoko semearen arimaren aldeko hileta-elizkizunak eta urteurreneko mezak egiteko agindu zion.

Magdalena Araoz Erregina Katolikoaren izen-abizen bereko damaren iloba zen, eta Bidekurutzeta 3. zenbakiko dorretxean jaio zen.

Oharra: Argazkian azaltzen diren jaiotze eta heriotza datak ez dira zuzenak.