Gurean App telefono mugikorrentzako aplikazio berri bat da. Denbora daramagu Udalak, Tokikom-ek eta Bedelkarrek lanean, herriko turismoa eta merkataritza sustatu nahi duen aplikazio honetan lanean. Elkarlan honek dagoeneko eman du fruitua eta Gurean aplikazioa abian jartzeko oso gutxi falta da.

Honen oinarrian, beacon teknologia dago. Beacon-ak baliza txiki batzuk dira –Bergaran zehar gaur egun 50 ditugu, estrategikoki banatuta–; baliza horiek gertuan dituzten mugikorrei seinaleak bidaltzen dizkiete, betiere mugikorrek Gurean aplikazioa deskargatuta badute.

Gurean bidez, beacon bakoitzaren irismen-esparruan dauden telefono mugikor guztietara informazio pertsonalizatua bidaltzen da.

"Hala ere, herritarrentzako eta erabiltzaileentzako egindako aplikazioa izanik, bergararren eta inguruko herritarren iritzia jaso nahi da lelen. Honela, proba pilotua erabilgarri dago eta azken ukituak eman aurretik, herritarrak eta eskualdeko bizilagunak Gurean aplikazio berria probatzera animatu nahi ditugu eta izan ditzaketen proposamenak bidaltzera", agertu du Sabino Azkarate Ekonomia sustapen, Turismo eta Enpleguko Batzordeburuak.

Aplikazioa honela deskargatu daiteke:

·        QR kodeen bidez; Bergarako Bedelkar elkarteko bazkideen establezimenduetan eta honako toki publiko hauetan : Agorrosin, Labegaraieta kiroldegia, Udal pilotalekua fraiskozurin, Udaletxea, Udal Liburutegia, Udal Euskaltegia…

Ondoren, behin App Store nahiz Google Play bidez aplikazioa deskargatuta dagoenean, horren aukera guztiak aprobetxatu ahal izateko bluetooth konexioa eta geolokalizazioa aktibatu behar da –instalazio-prozesuan zehar iradokitzen den moduan–.

"Modu honetan, aplikazioa probatzen duten herritarrek euren iritzia eta proposamenak egin ditzakete #GureanBergara traola erabiliz twitter bidez. Aplikazio berria herriko sozio-ekonomia bultzatzeko lagungarri izan daitekeelakoan gaude eta bergararrak parte hartzera animatu nahi ditugu. Izan zu ere, #GureanBergara proiektuaren parte", adierazi du Azkaratek.

Bedelkarreko lehendakari den Maitane Azkaratek berriz, aplikazio berria merkatarientzat erakuslehio berri bat izan daitekela esan du; "Plataforma honen bidez, bertako merkatariek eskaintzak, promozioak eta jarduerak modu interesgarri baten ezagutzera emateko aukera ikusi dugu. Establezimenduen irudiaren erakusleiho bat izan daiteke, bezero-trafikoa areagotzen du eskaintza, promozio eta jardueren kontsulten bidez".

Beraz, deskargatu ezazu Gurean aplikazioa, erabili, gozatu eta proposamenik baduzu, egin!